Itzulpen automatikoa / Machine translation

Osasun sistema indartu eta hainbat anbulatorioren itxieraren aurkako mozioa onartu du udalak

2022/11/09
Osasun sistema indartu eta hainbat anbulatorioren itxieraren aurkako mozioa onartu du udalak

Azpeitiko Udalak atzoko plenoan osasun publikoa indartzeko eta hainbat herritako anbulatorioren itxieraren aurrean mozioa onartu zuen, EH Bilduren aldeko eta EAJren kontrako botoekin. Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak anbulatorioko arduradunekin zein Zumarragakoekin duten hartu-emana nabarmendu zuen, eta azken urtebeteko anbulatorioaren bilakaera azaldu zuen: "Urtebetean egoerak hobera egin badu ere, herriko anbulatorioaren funtzionamenduak ezin du hari batetik zintzilik egon", adierazi zuen. Familiako medikuek eskaintzen duten lehen arretan eta osasun mentalaren egoeragatik azaldu zuen kezka, besteak beste. Hala ere, azpimarratu nahi izan du "gabezien gainetik herritarrak hartatzeko anbulatorioko profesionalek izugarrizko lana egin dutela", eta eskertu ere nahi izan ditu. 


Azpeitiko anbulategian urtean zehar 10 mediku aritzen dira lanean. Etenik gabeko arreta gunea da; urte guztian 24 orduz eskaintzen du harreta.  Iazko azarotik egoera okertzen joan da. Familia medikuen baja luzeak (gaixotasunak, amatasuna...) bata bestearen atzetik izan dira eta baja horiek ez dira ordezkatu; ezta, medikuen oporraldiak ere. 

Azken asteotan egoera zertxobait hobetu da; falta ziren 3 familia medikuetatik bat hasi da lanean eta bigarren baten plaza aterako da eta betetzea aurreikusten da; hala ere, uda aurretik ere 3 plaza interinoak bete gabe geratu zirela azpimarratu ziren. "Iazko azarotik uda bitartean batezbeste bost-sei medikurekin aritu dira lanean eta urgentzietako medikuak aritu dira errefortzu lanetan hainbat momentutan. Guzti horrek ondorio kaltegarriak ditu herritarrengan, 4.500-5.000 herritar tarteka medikurik gabe izan dira. Ondorio kaltegarriak ditu bertan lanean ari diren profesionalen lan baldintzetan ere", zehaztu zuen Goenagak. 

Azpeitiko osasun zentroan dagoen mediku gabeziak Urrestilla eta Errezilgo osasun zentroetan ere eragin zuzena izan duela gaineratu zuen.  Uztailetik aste honetara arte medikua ez da osasun zentrora joan, bi kontsulta horiek hartatzen dituen medikua Azpeitiko anbulatorioan egin delako; beraz, bertako bizilagunek Azpeitira etorri behar izan dute. Aste honetan.

Lehen arretaz gain, osasun mentaleko unitatea ere izan da hizketagai eta "kezka" azaldu zuen.. Gaur egun, psikiatra bakarra dago Azpeitiko anbulatorioan lanean, astean behin errefortzu moduan beste psikiatra bat etortzen da: "Azpeitia baina biztanle gutxiagoko hainbat herritan bi psikiatra daude. Pazienteei psikiatrarakin txanda bi edo hiru hilabetera ematen zaie.

 

 

ONARTUTAKO MOZIOA

Osasun Sistema Publikoan, Osakidetzan gertatzen ari dena ez da berria. Azken urteotan Eusko
Jaurlaritzak hartutako erabakien ondorio da:


- Etenik Gabeko Arreta Guneak, PAC delakoak, itxi dira, edo ordutegiak murriztu dira.
- Osasun etxeetan izugarrizko profesional gabezia dago. Eta ondorioz, profesional batek, gainerakoen agendak bete behar izaten ditu edo egunerokotasunean 45 kontsulta izaten ditu. Egoera horretan ezinezkoa da pazienteei kalitatezko arreta bermatzea. - Hainbat eta hainbat osasun etxeetan bizitza osoan izandako zerbitzuak ixten edo murrizten ari dira.
- Kontsulta presentzialak lortzea gero eta zailagoa izaten da. Atzerapenak nabarmen areagotu dira.
- Adinekoen eta kronikoen jarraipenerako gero eta zailtasun handiagoak daude.
- Osasun sustapena bertan behera geratzen joan da edo ez da behar bezala garatu.

Hau guztia ez da pandemiaren errua, ez zen pandemiarekin hasi. Murrizketak eta planifikazio eza, eta osasun sistema publikoa pribatuaren mesedetan ahultzeko estrategia aspaldiko kontuak dira. Osasun sistema publikoan eman diren atzerapausoak gero eta nabarmenagoak izan dira, bereziki 2018tik gaurdaino. Eta guzti honen ondorioak herritarrok (pazienteok) jasaten ditugu.


Pandemian denok ikusi dugu zein garrantzitsua den kalitatezko lehen mailako arreta izatea, baina, sistema hori indartu beharrean, kontrakoa ari da gertatzen.
Herri askotan medikura joateko beste herri edo hiri batera joan beharko dute. Pertsona guztiok kalitatezko osasun arreta publikoa jasotzeko eskubidea dugu, eta hori da orain arriskuan dagoena.


Hori dela eta, Azpeitiko udaleko udalbatzak:
1.- Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio urte osoan zehar, uda sasoian barne, herri honetako osasun sistema publikoak eskaintzen dituen zerbitzuak bermatu ditzala.

2.- Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio lehentasunez mediku egoiliarren kontratazio - eredua aldatu dezala, kontratu egonkorrak eta lehen arretan euren garapen profesionalerako ibilbidea ahalbidetuko dutenak bermatuz.

Halaber, gainerako osasun profesionalen kontratazio baldintzak hobetzeko xedearekin, aztertzea Osakidetzan kontratazio irizpideak aldatzea, beti ere egonkortasuna eta garapen profesionala sustatuz, horrela Osakidetza erakargarriago bilakatzeko eta indartzeko.

3.- Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Lehen Arretako eskaintzen duten mediku, erizain eta gainerak osasun profesional kopurua handitu dezala. Diziplina anitzeko lantaldeak sortuz, non beste profil profesional batzuk txertatuko diren, hala nola geriatrak eta fisioterapeutak.

4.- Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Azpeitiko osasun zentroko Osasun Mentaleko saileko profesional psikiatrikoak indartu ditzala.

5.- Azpeitiko Udalak aurreko puntu hauen gueztien jarraipena egiteko konpromisoa hartzen du.