Machine translation

Ostegunean estreinatuko da Azpeitian, 'Arnasa gara' kanpainako 'Kartzela' serie digitala, 19:00etan, Sanagustinen

2019/09/30
Ostegunean estreinatuko da Azpeitian, 'Arnasa gara' kanpainako 'Kartzela' serie digitala, 19:00etan, Sanagustinen

Arnasguneek euskararentzat eta Euskal Herriarentzat duten garrantzia nabarmenduko du kanpainak, herritarrek horren kontzientzia hartzeko. Kanpaina, herrietan egingo diren aurkezpen ekitaldiak eta ‘Kartzela’ webseriea izango dira kanpainaren baliabide nagusiak. Urriaren 3an, ostegunean izango da lehenena, Azpeitian; 19:00etan Sanagustinen. Ekitaldi irekia izango da, eta ondoren mokadua egongo da, bertaratzen direnentzat.


Euskararen arnasguneetako biztanleen ahalduntzea, aitortza eta kontzientziazioa indartzea helburu hartuta eta gune horietako biztanleak euskararen indarberritzean duten garrantziaz ohartu daitezen osatu da Arnasa gara kanpaina edo egitasmoa. Aurkezpenean, Nagore Alkorta Alkateak esker hitzak izan ditu, kanpainaren aurkezpena eta webseriearen estreinaldia egiteko Azpeitia aukeratzeagatik, eta, "ohorea eta aitortza dela" herriarentzat azpimarratu du: "Honek balio digu euskararen sustapenean herri bezala egiten ari garen ekarpenaz jabetzeko eta azpeitiarrok euskararekin dugun konpromisoa berresteko".

Horrez gain, proiektu honek guztiak atzean duen elkarlana ere balioan jarri nahi izan du: "Euskararen bueltan eraiki den elkarlanaren giroaren adierazlea da gaurkoa eta guk ere bat egiten dugu honekin. Euskararen arloan egiten ari garen bidea baliatu beharko genuke beste arlo batzutan ere modu berean jokatzeko, guztion artean euskararen herria eraikitzeko".

Bi faseko ekimena

Ekimenak bi fase izango ditu. Lehenengoan arnasguneen ahalduntzea eta aitortza bilatuko da, eta horretarako kanpaina bat abian jarriko da ekimena azaltzeko eta honen osagai nagusietako bat izango den Kartzela serie digitala herriz herri aurkezteko. Bigarren fasean, berriz, ekimena Euskal Herri osora zabalduko da, arnasguneen errealitatea eta garrantzia ezagutzera emateko. Proiektuan Nafarroako Gobernuak –Euskarabidearen bitartez– eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak ere parte hartzen dute.

UEMAko lehendakari Josu Labakak nabarmendu duenez, “Arnasa gara kanpaina, euskararen arnasguneak Euskal Herriarentzat zein garrantzitsuak diren nabarmendu nahi duen kanpaina da. Herria da gorputza, hizkuntza bihotza. Badakigu. Eta herri honen berezko hizkuntza modu naturalean arnasguneetan ari da taupaka, sendo eta osasuntsu. Horregatik, arnasguneen garrantzia lau haizetara zabaltzeko eta herritarrek horren kontzientzia hartzeko beharra ikusi dugu UEMAk eta beste hainbat erakunde publikok. Batetik, arnasguneetako biztanleek kontzientzia har dezaten. Bestetik, gainerako euskal herritarrek ere arnasguneak babestea eta hedatzea euskararen normalizaziorako ezinbestekoa dela jakin dezaten, hizkuntza ekologiaren ikuspegian bide eginez”.

Sortu zenetik, euskararen normalizazioan eta erabileran duten eraginagatik, arnasguneen garrantzia lau haizetara zabaltzen aritu da urte askoan UEMA. Etenik gabe aldarrikatu du euskararen arnasguneek berariazko aitortza, zaintza eta babesa behar dutela, udalerri euskaldunak garatzeko hizkuntza politika berezituarekin batera. Josu Labakak nabarmendu duenez, “UEMAk urte askoan landutakori denon artean emango diogu hauspoa orain, kanpaina berri eta sendo honekin. Guretzat, benetan eskertzekoa da erakunde hauek guztiak batzea orain arnasguneak berariaz aitortzeko eta zaintzeko beharraren inguruan”.

Gaurko agerraldian izan dira kanpaina babesten duten erakundeetako ordezkariak: Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua; Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria; Ana de Castro, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria; eta Josu Labaka, UEMAko lehendakaria. Halaber, ekimen honetan parte hartuko duten zenbait udalerrietako alkateak ere aurkezpenean izan dira: Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea; Koldo Goitia, Lekeitioko alkatea; eta Lierni Altuna, Aramaioko alkatea. Guztiak bat etorri dira arnasguneen garrantzia azpimarratzeko orduan eta nabarmendu dute proiektu honen atzean dagoen lankidetza.

 

Ostegunean, 'Kartzela' seriearen estreinaldia Azpeitian

Ikerketa kualitatiboa eginda eta arnasguneetako errealitatea hobeto ezagututa, erakundeek arnasguneen inguruko ekimena era egokian diseinatzeko moduan izan dira. Arnasa Gara proiektuak bi fase ditu eta hiru osagai nagusi, hirurak hertsiki loturik: komunikazio kanpaina bat, herrietan egingo diren aurkezpen-ekitaldiak eta Kartzela serie digitala. Lehena Azpeitian egingo da ostegunean, urriak 3, 19:00etatik aurrera Sanagustinen. Sarrera irekia izango da, eta ondoren mokadua egongo da. 

Lehenengo fasean anasguneen ahalduntzea eta aitortza bilatuko da. Komunikazio kanpaina baten bitartez (sareetan eta tokiko hedabideetan) eta aurkezpen-ekitaldien bidez, Arnasa Gara ekimenaren nondik norakoak azalduko dira eta arnasguneek duten garrantziaren gaineko kontzientziazioa landuko da. Ahalduntze eta aitortza hori lantzeko, herrietako aurkezpen-ekitaldietan Kartzela serie digitala aurkeztuko da. Aurkezle bat arduratuko da saioa gidatzeaz, eta Kartzela serieko bina aktorek ere parte hartuko dute. Arnasguneen garrantzia nabarmentzeko espazioa izango dela kontuan hartuta, hainbat bide erabiliko dira mezua behar bezala zabaltzeko: ikus-entzunezkoak, hitzaldiak, aktoreen hitz-hartzea… Kartzela serie digitalaren lehen bi kapituluak primizian ikusteko aukera izango da. Saioaren amaieran herritarrek euren ekarpenak egingo dituzte, mokadu batez lagunduta. Ordu eta erdiko saioa izatea aurreikusten da.

Hiru Damatxo ekoiztetxea arduratu da Kartzela serie digitala egiteaz. Zazpi atal izango ditu eta kanpainaren elementu berritzailea izango da. Bertsolari Txapelketa Nagusiaren ostean BECen harrapatuta dauden sei lagun dira istorioaren protagonistak, eta arnasguneetako herritarrak dira guztiak. BECeko zenbait tokitan harrapatuta gelditu ondoren, pixkanaka topo egingo dute elkarrekin, eta eraikinetik nola atera pentsatzen hasiko dira. Izaera eta jatorri desberdina duten sei lagun dira.