Ostiralean hasiko da 22. Azpeitiko Erremonte Txapelketa
2023/10/03
Sei bikotek hartuko dute parte txapelketan. Lehen jardunaldian, bi partida izango dira: aurrena, Aldabe-Juanenea bikotea Gurrutxaga-Larrañaga bikotearen aurka, eta, ondoren, Urriza-Apezetxea Ezkurra-Martirenaren aurka. Urriaren 13an eta 20an, ostiralez, izango dira beste bi jardunaldiak; finala, berriz, urriaren 27an jokatuko da. 19:00etan izango dira partida guztiak, Izarraitz pilotalekuan.
Gaur arratsaldean aurkeztu dute 22. Azpeitiko Erremonte Txapelketa. Han izan dira Ion Oteiza Azpeitiko Udaleko Kiroletako batzordeburua, Xabier Gonzalez Oriamendi enpresako gerentea, Carlos Larrañaga Epi enpresako ordezkaria eta txapelketan parte hartuko duten zenbait erremontista.
Oteizak azaldu du erremonteak baduela tradizioa Azpeitian: “Urte askoan profesional eta zale asko izan ditu, eta, horri lotuta, pozgarria da inguruko erremontistak ikustea aurtengo txapelketan”. Eskerrak eman dizkio Oriamendiri, Azpeitian erremonte txapelketa antolatzeko egiten duen ahaleginagatik eta erremontea sustatzeko eta babesteko duen konpromisoagatik.
Txapelketaren xehetasunak
Hiru bikotez osaturiko bi talde egongo dira txapelketan. A taldea Urriza-Apezetxea, Ezkurra II.a-Martirena eta Loitegi-Azpiroz bikoteek osatuko dute. B taldean, berriz, Gurrutxaga-Larrañaga, Ansa II.a-Zubiri eta Aldabe-Juanenea bikoteak egongo dira. Talde bakoitzak bere ligaxka jokatuko du, eta bikote guztiek jokatuko dute elkarren aurka. Talde bakoitzean lehen postuan geratzen diren bi bikoteek jokatuko dute finala, urriaren 27an.
Bost euro balioko dute sarrerek, baina gonbidapenak ere banatuko ditu Oriamendik: Loiolako turismo bulegoan eta garagardo azokan. Partidetan zozketak ere izango direla iragarri du Oriamendiko ordezkariak.
