Ostiralean hasiko da XX. Azpeitiko Erremonte txapelketa
2019/10/02
Dena prest da, ostiralean, urriak 4, hasiko den Azpeitiko XX. Erremonte Txapelketarako. Atzo aurkeztu zen aurtengo edizioa, eta aurtengoan, erromontea ezagutarazteko ate irekien saioak ere izango dira 14 urtetik gorakoentzat. Egoitz Arruti Kirol batzordeburuak esker hitzak izan zituen aurkezpenean: "Herritar asko aritu edo aritzen dira erremontean, plaza ederra da Izarraizkoa erremontearentzat eta jendea animatu nahiko nuke txapelketara etortzeko. Erremontea ezagutzen dutenak, baina baita ez dutenak ezagutzen ere; kirol ikusgarria da eta ziur gustatuko zaiela",
Urriaren 4an hasi eta hilaren 11, 18 eta 25ean izango dira partiduak, 18:30etan hasita Izarraitz Pilotalekuan. Hamabi erremontistek hartuko dute parte aurtengo txapelketan, tartean izango dira hainbat azpeitiar.
Sei bikoteak bi taldetan bananduko dituzte eta talde bakoitzean puntu gehien biltzen dituztenek jokatuko dute finala. A taldeko bikoteak Ansa II- Labaka, Matxin III.-Larrañaga eta Aldabe-Endika dira. B taldeko bikoteak, berriz, Juanenea-Zubiri, Segurola-Azpiroz eya Goikoetxea V.-Ion izango dira.
Ostiralean, 18:30etan hasita Ansa-Azpiroz, Matxin III-Agirrezabalaren kontra arituko dira. Bigarren partiduan berriz, Urtasun-Aizpurua eta Juanenea-Larrañaga arituko dira.
Partdu guztiak Izarraitz pilotalekuan izango dira, eta sarrera 2€koa izango da. Ikusleen artean, gainera afaria zozkatuko dute.
Erremontea ezagutzeko ate irekiak
Urriaren 18 eta 25ean, 17:30etatik aurrera erremontea ezagutzeko aukera izango da frontoian bertan, 14 urtetik gorakoentzat. Erremontista profesionak izango dira kirol horren inguruko xehetasunak eskaintzen. Interesa duenak, urriaren 18 edo 25ean Izarraitz frontoira agertu besterik ez du egin behar.
