Ostiralean jarriko dute oinezkoentzako Garmendiko zubi berria
2025/01/29
Lanak egin ahal izateko, Garmendi auzoko errepidea itxi egingo dute goizean, eta GI-2634 errepiderako sartu-irtenak ezingo dira egin.
Aurrera jarraitzen dute Garmendi auzoko oinezkoentzako zubia aldatzeko lanek. Dagoeneko kenduta dago zubi zaharra, eta ostiralean jarriko dute berria. Zubi berria garraiatu eta beharrezko lanak egin ahal izateko, ostiral goizean itxi egingo dute Garmendi auzoko errepidea, 11 eta 13 zenbakien artean. Ondorioz, ezingo dira egin GI-2634 errepiderako sartu-irtenak.
Zaharkituta zegoen lehengo altzairuzko zubia, eta urtarrilaren 22an hasi zituen udalak hura aldatzeko lanak. Obrak hilabete inguruko iraupena izatea kalkulatzen da. Bitartean, bidegorria ere itxita dago pare horretan.
