Piaspe proiektuak ingurumen eragineko txosten negatiboa jaso du
2025/08/11
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak Piaspe parke eolikoaren egitasmoaren eta bere energia ebakuazio azpiegituren ingurumen inpaktuaren adierazpen negatiboa eman du. Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailak ebatzi duenez, aurkeztutako proiektuak ez ditu betetzen ingurumen babeserako ezinbestekoak diren hainbat baldintza, eta horrek, gaur-gaurkoz, ezinezko egiten du proiektua gauzatzea.
Azpeitia, Zestoa eta Errezilgo udalek hasieratik aldarrikatu dute energia proiektu guztiek hiru baldintza nagusi bete beharko lituzketela:
- Ingurumen babeserako bermeak eta ekosistemen zaintza.
- Administrazio publikoaren kontrola eta herritarren parte-hartzea, horrela jabetza publiko komunitariorako aukera bermatuaz.
- Sortutako energia tokiko energia kontsumoa asetzera bideratzea, lurraldearen autohornikuntza eta onura soziala sustatzeko.
Bistan da, proiektuak ingurumenean eragingo lituzkeen kalteak aintzat hartuta, aipatu lehen baldintza ez dela betetzen eta ondorioz, Azpeitia, Zestoa eta Errezilgo udalek Eusko Jaurlaritzaren ingurumen ebaluazioaren emaitza ontzat ematen dute eta egitasmoak eragindako lur eremuko bizilagunei ebazpenaren edukiaren berri emango diete. Horrez gain, adierazi dute energia trantsizioaren aldeko konpromiso irmoa mantenduko dutela, betiere, ingurumenaren babesa, tokiko onurak eta herritarren parte-hartzea uztartuko dituzten proposamenekin.