Piktogramen bidez, herri bizigarriagoa eginez
2022/11/17
Autismoa edo aniztasun funtzionala duten azpeitiarren bizitza erraztuz bizi kalitatea hobetzeko helburuz, Azpeitiko Udalak Marea Urdinarekin elkarlanean eraikin publikoetan piktograma bidez ere komunikatzeko urratsa eman du. Hala idatzizko hizkuntza ulertzeko gai ez diren pertsonek, hemendik aurrera piktogramen bidez ulertu ahal izango dute eraikina zertarako den.
Hasteko, herriko erakin desberdinetan sei kartel jarri dituzte, eta pixkanaka eraikin publiko guztietara zabaltzea eta eraikin publiko ez direnei ere piktogramak jartzeko gonbidapena egitea da helburua. "Marea Urdinak, Aniztasun funtzionala duten herritarrei eraikin publikoen berri emateko piktogramak jartzea proposatu zigun. Asmoa gustatuta lanketan hasi ginen, zerbait integratua eta egokia izatea nahi genuen eta buelta asko eman ondoren, hemen atzean dugun panela bezalakoak jarri ditugu", adierazi du Mikel Odriozola zinegotziak. Piktograma horiek jartzeaz gain, gainera, igerilekua azpeitiar guztientzako leku irisgarri eta egoki bat izateko helburuz, seinalitika berezia jarri da eraikin guztian. Piktogramez gain, itsuentzako seinalitika ere jarri da.
Ez da Marea Urdina eta udalak aniztasun funtzionala duten azpeitiarren bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin elkarlanean aritzen direla. Besteak beste, azken urteotan, festetako barraketako musikarik gabeko orduak, lehentasunezko txartelak edo aisialdiko ekintzetan ordu egokituak eskaini izan dira.
"Denontzako Azpeitia egiteko helburu horretan, horrelako ekimen xinple bezain errazak ezinbestekoak eta beharrezkoak dira. Horrelakoen bidez Azpeitia bizigarri eta hobeago bat eraikitzen dugu. Eskerrik asko Marea Urdinari bidelagun izateagatik, eta aurrera begira ere lanean jarraituko dugu", gaineratu zuen Odriozolak.
Louisa Florindo Marea urdinako kideak piktogramen bidezko komunikazioa "komunikazio inklusiboa" dela azaldu zuen: "Aniztasun funtzionala duten askok ezin dute hitzez komunikatu eta piktograma bidez ulertzen dute". Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan komunikazio inklusiborako piktogramak jarri dituen lehen herria dela Azpeitia ere azpimarratu nahi izan du. Aritz Orbegozo Marea Urdinako kideak eskerrak ere eman nahi izan ditu: "Eskerrak eman nahi dizkiot Azpeitiko Udalari, hasieratik gure proposamenari heltzeko azaldutako eskuzabaltasunagatik eta seinalitika aldatzeko konplexutasunaren barruan proieku hau aurrera eramateko konpromisoagatik".
