Machine translation

Pintura lehiaketak hartuko ditu kaleak igandean

2024/04/29
Pintura lehiaketak hartuko ditu kaleak igandean

Arte eta Diseinu Ikastegiak, Azpeitiko Udalak eta Kulturaz kooperatibak elkarlanean antolatuta, III. Kale Pintura Lehiaketa izango da igandean. Edozeinek izango du parte hartzeko aukera, eta hiru kategoria bereiziko dira: helduak, gaztetxoak (12-16 urte) eta haurrak.


Gaur eguerdian eman dituzte lehiaketari buruzko xehetasunak Aitor Larrañaga udaleko Kultura batzordeburuak eta Miriam Kintana eta Mikel Sanjuan Azpeitiko Arte eta Diseinu Ikastegiko kideek. Kaleko lehiaketa bat denez, artistek nola lan egiten duten ikusteko aukera izango dela igandean aipatu du Larrañagak: “Esango nuke pintatzea nahiko gauza bakartia izaten dela. Norberak bere etxean edo bere espazioan egiten du, eta erakusketetan eta abar emaitza ikusten den arren, kaleko lehiaketa honetan prozesua bera ikusteko aukera izaten dugu, eta nik uste hori polita dela”.

Aurreko bi urteetan, lehiaketak harrera ona izan zuela kontatu du Kintanak. Iaz, 23 pertsonak hartu zuten parte helduen mailan, eta hemezortzik haurrenean. “Aurten ere parte hartzera animatu nahi dugu jendea, eta batik bat azpeitiarrak”. Sari nagusia 800 eurokoa izango da, eta bigarren egiten duenak 500 euro jasoko ditu. Horiez gain, 300 euroko saria egongo da herritarrik onenarentzat. Gazteen eta haurren kategorietan, berriz, arte materialez osatutakoa izango da saria.

Lehiaketaren ostean, erakusketa

Nahi adina lan aurkeztu ahal izango dira lehiaketara. Baldintzei dagokienez, Azpeitiko lur eremuaren barruko edozein tokitan egin ahal izango dira lanak, edozein teknika edo material erabiliz. Lanerako euskarriak Betharram erakusketa aretoan zigulatuko dira igandean 09:00etatik 11:00etara. Bukatutako lanak 13:30erako aurkeztu beharko dira Betharramen bertan, eta 14:30ean jakinaraziko dira irabazleen izenak. Lanak amaitu eta epailearen erabakiaren berri izan arteko tartean, luntxa eskainiko zaie parte hartzaileei Sanagustin kulturgunean.

Aurkeztutako lanekin, egilearen baimena eskatuz, erakusketa bat egingo da Betharram aretoan maiatzaren 6tik maiatzaren 19ra. Lehenengo bi lan sarituak udalaren jabegora pasako dira.

Lehiaketaren oinarriak osorik