Rafa Rezabal eta Andoni Albizu omenduko dituzte Ekaingo kobaren aurkikuntzaren 50. urteurrenean
2019/06/03
Ekainaren 7an Donostiako Victoria Eugenia Ekaingo koba bihurtuko da, duela 15.000 urte inguru bizi izan ziren lehen gizakien sinbologia oholtzaratuko baita bertan. Dena, Rafa Rezabal eta Andoni Albizuri Ekaingo Koba aurkitu zuten bi azpeitiarrak eta Antxieta Arkeologia taldea omentzeko.
Ekainaren 8an, larunbatean, 50 urte beteko dira, Antxieta Arkeologia taldeko asteburu guztietako ohiturari jarraituz kobazulo bilairten eta Xoxotetik behera Sastarrain aldera jaitsi eta hango semar emazte batzuen pistei jarraituz Rezabal eta Albizuk Ekaingo koba aurkitu zutela. Haitzuloa Madeleine aroko labar-pinturengatik eta, bereziki, arte franko-kantabriarraren irudirik eder eta aberatsenetakoa diren Zaldi-multzoen pinturengatik.
"Generazio ikaragarri batekoak dira Rezabal eta Albizuri; gerra galdu zuten horien seme-alababen belaunaldikoak. Garai zailetan haziak izan ziren, eta hala ere herri hau eraikitzeko beren ekarpena egin zuten, bakoitzak bere arloan. Antxieta Arkeologia taldea ere garai horretan sortu zen", adierazi du Eneko Etxeberria alkateak. Bide horretan Rezabal eta Albizurik eta Antxieta Arkeologia taldeko beste kideek egindako lana eskertu eta errekonozitu nahi izan du, eta ostiralean herritarrei ostiralean omenaldira joateko gonbidapena egin die.
Mende erdia igaro da Euskal Herriko (eta munduko) arkeologian eragin izugarria izan zuen aurkikuntzaz geroztik. Kobazuloan, gutxi gorabehera, 70 animalia-irudi daude; 64 margotuak eta 6 grabatuak. Zaldia da gehien ageri den irudia baina hartzak, oreinak, kapridoak… ere ikus daitezke bertan. Horregatik, 2008an UNESCOk Gizateriaren Munduko Ondare izendatu zuen beste 17 santutegirekin batera; Altxerri eta Santimamiñe, besteak beste.
Juantxo Agirre Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusiak aurkikuntza balioan jartzeaz gain, Antxieta Arkeologia taldeko kideen inteligentzia aipatu du: "Izugarrizko aurkikuntza egin zuten, eta hartutako muestra, eta bilatutako guztia mundu zientifikoaren esku uzteko jakinduria izan zuten duela 50 urte", azpimarratu du.
Mugarri hura ospatzeko Ekain Fundazioak, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Ekainberrik hainbat ekitaldi antolatu dituzte maiatza eta ekainean zehar, eta horietako bat da ostiralekoa.
Rezabal eta Albizuriri omenaldia
Ekainaren 7a ospakizun egun handia izango da, ekitaldi nagusia egingo baita. Arratsaldeko 19:00etan Donostiako Victoria Eugenia antzokian Ekaingo kobarainoko bidaia irudikatuko dute, lehen gizakien bizimodu sinbolikoa oholtzara ekarriz. Haien ahotsa entzungo da Björk bezalako nazioarteko artistekin kolaboratu duen Tanya Tagaq abeslari inuitaren eztarri-kantuen bitartez. Tagaq-ek inuiten kantu tradizionalak musika elektronikoa eta rockarekin nahasten ditu, eta mundu mailan errekonozimendu handia jaso du bere nortasun berdingabeagatik. Azken glaziazioa bizi izan zuten gizakiek gaur egun Kanada iparraldean bizi diren inuiten antzeko klima jasan zuten eta Ekain bezalako kobazuloak aterpe bezala erabiltzen zituzten biziraupenerako. Tagaq-ek gainera Dantzaz konpainiarekin bat egingo du, eta tartean Donostiako Orfeoi Gaztea, Ainhoa Aierbe aktorea eta Xabier Anuntzibai margolari gaztea oholtzan jardungo dira. Gala honetan gainera leizearen deskubrimenduari buruzko dokumental laburra estreinatuko da, eta bertaratzen direnei Aranzadik espresuki argitaratuko duen liburu monografikoa banatuko zaie.
Ekitaldirako sarrerak jada salgai daude 12 eurotan Donostia Kulturaren webgunean eta lehiatilan.
