Itzulpen automatikoa / Machine translation

Sagardo Egunaren atarian, Euskal Herriko hainbat sagardo dastatzeko aukera

2024/07/11
Sagardo Egunaren atarian, Euskal Herriko hainbat sagardo dastatzeko aukera

Ofizialki 50 urte beteko ditu Azpeitiko Sagardo Egunak aurten. Horregatik, Santio egunez egiten den lehiaketaz gain, bestelako ekintzak ere antolatu ditu udalak: alde batetik, uztailaren 18an (osteguna), Euskal Herriko sagardoen dastatzea izango da Azoka Plazan; bestetik, uztailaren 15etik aurrera, Azpeitiko Argazki Elkarteak sagardo egunetan ateratako argazkien erakusketa egongo da Sanagustin kulturgunean.


Gaur goizean aurkeztu dituzte sagardoaren bueltan izango diren ekitaldi horiek Mikel Odriozola Azpeitiko Udaleko Festa batzordeburuak, Xebastian Lizaso eta Bixente Unanue Azpeitiko Sagardoaren Lagunak taldeko kideek eta Olatz Mitxelena Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko koordinatzaileak.

Lizasok azaldu du Azpeitiak beti izan duela lotura handia sagardoarekin, eta gogoratu du garai batean sagardotegi asko zegoela herrian. “Horregatik, aspaldi hasi ziren sagardo egunak egiten. Badakigu 50 baino gehiago egin direla, baina ofizialki kontatutakoak 50 direnez, aurten ospatuko dugu urteurrena”. Santio egunean, uztailaren 25an, izango da lehiaketa aurten ere, eta ohi bezala 23 sagardogile etorri dira. Berrikuntza bakarra izango da aurreko urtearekiko: Asteasuko Sarasolaren ordez, Zeraingo Oiharte etorriko da.

“Gehiago ere gustura etorriko lirateke, baina toki falta da arazoa”, zehaztu du Lizasok. Haren hitzetan, sagardozaleek maitea dute Azpeitia, urte osoan edaten delako sagardo asko herrian. “Hemen probatu bakarrik ez, edan ere egiten du jendeak”. 5 euroan egongo da edalontzia edo kopa (aukeran), eta eguerdi aldera hasiko da sagardo jaia. Ohi bezala, txekor, hegaluze eta gazta pintxoak ere izango dira sagardoari laguntzeko. 50. urteurrenaren harira, “sorpresa txikiren bat” ere izango dela iragarri du Lizasok, eta sagardoaren bueltan egindako lana eskertzeko omenaldiren bat ere bai.

Dibertsifikazioa, dastagai

Urteurrenari lotuta, Euskal Herriko sagardoen dastatze bat ere izango da, uztailaren 18an, Azoka Plazan, 19:00etan hasita. Olatz Mitxelena Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko koordinatzaileak azken urteotan sagardogileek dibertsifikazioaren alde egin dituzten pausoak nabarmendu ditu. “Sagardoak asko zor dio Azpeitiari, baina momentu honetan asko zor dio sagar ekoizpenari ere, ekoizpen horri esker, sektoreak azken urteotan eboluzio handia izan duelako dibertsifikazioari dagokionez. Dastatze hau ere produktuen dibertsifikazio horri begira planteatu dugu, eta ez dugu dastatuko euskal sagardo naturala bakarrik”.

Ordubete inguruko saioa izango da, eta Telmo Iruretagoiena sommelierrak gidatuko du saioa. Bost euroan, zortzi sagardo eta zazpi pintxo dastatzeko aukera egongo da. Dastatu ahal izango diren sagardoetako batzuk zein izango diren kontatu du Mitxelenak: “Sagardoa latan, euskal sagardo naturala, euskal sagardo ekologikoa, edizio bereziak, lursail konkretu bateko sagarrekin egindako sagardoak, edo bereziak, adibidez, izotzezko sagardoa. Sagardo bakoitza ezkonduko da produktuari ondoen dagokion pintxoarekin”. Elikaguneak egingo ditu pintxoak.

Sagardoaren sektoreak publiko jakin bat “konkistatuta” duen arren, beste abaniko zabal batengana iristea falta zaiola esan du Mitxelenak. “Sagardo naturalari dagokionez, herri honek badauka zeresana, baina espero dugu horrelako dibertsifikazioak ere enkaje polita izatea, eta Azpeitiak laguntzea sagardo sektoreari egiten ari den berrikuntza horiek guztiak kontsumituz”.

Sagardo dastatzerako sarrerak dagoeneko eskuragarri daude Elikagunean.