Lasterketa solidarioa egingo da larunbatean, Sanjuandegin
2019/06/04
Ekainaren 8an, 17:30etan hasita egingo da Sanjuandegiko lasterketa solidarioa. Aurretik, 16:00etatik 17:00etara bitartean alebin eta infantil mailako txirrindularien proba izango da.
Sanjuandegiko Krossak urte askotako ibilbidea du, baina, orain dela bost urte, aldaketa nabarmena izan zuen. Ordura arte lasterketa antolatzeko ardura zutenek lan hori utzi zuten, eta, horren aurrean, lasterketarekin aurrera jarraitzeko asmoz, Azpeitiako kooperazio taldeak, Sanjuandegiko festa batzordea eta Xeye atletismo taldea elkartu ziren. Erabaki gzuten lasterketari kutsu solidarioa ematea, eta horretan dabiltza. Lasterketa baliatuz, urtero herrialde ezberdin bati laguntzeko erabakia hartu zuten, aurreneko urtean, Nepal izan zen; bigarrenean, Sahara; hirugarrenean, Peru; laugarrenean, India, eta, aurten, Ruanda hautatu dute. Ondorioz, emaitzetatik harago, haurrek aukera bikaina izango dute Ruandako herrialdeari elkartasuna erakusteko. Gainera, ekintzara beste talde bat gehitu zaie bidean: Lagun Onak txirrindulari Elkartea. Indarrak metatze aldera, beraiek antolatzen duten alebin eta infantil mailako federatuen lasterketa ere agendara batu da, horrela. Asmoa denon artean ekintza ikusgarria eta eraginkorra egitea da.
Txirrindulari proba
Ekainak 8an, larunbata, izango da kirol ekintza solidario hau ospatuko den eguna. Bosgarren Mantangorri txirrindulari proba 16:00tan hasi eta 17:00ak arte luzatuko da. Alebin eta Infantil mailako txirrindulari federatuak Sanjuandegi auzoko kaleetan barrena ibiliko dira.
Lasterketa solidarioa
Lasterketak, berriz, nahi duen ororentzat irekiak izango dira. Izena emateko aukera 16:00tatik aurrera izango da Jose Antonio Agirre plazan. Izen emateko garaian, itsulapiko batzuk egongo dira mahaietan, eta haur nahiz helduek bertan borondatezko ekarpenak egin ahalko dituzte. Aurreneko lasterketa 2014an jaiotakoak arte izango da, 17:30ean, horiek heldu baten laguntzarekin irten behar dute lasterketan. Ondoren, mailaz maila 2005ean jaioak arte izango dira hainbat lasterketa. Guztia 18:30ak aldera amaitzea aurreikusten da. Lasterketak amaitzean txokolate beroa izango da parte hartzen duen ororentzat Gaztelekukoek prestatua.
Lasterketak mailaz maila
2014 artekoak 200 m 17:30 (heldu baten laguntzarekin)
2014-2013 450 m 17:40
2012-2011 650 m 17:50
2010-2009 900 m 18:00
2008-2007 1300 m 18:10
2006-2005 1300 m 18:20
