Itzulpen automatikoa / Machine translation

Sansebastianetako balorazio oso positiboa egiten du Udalak

2019/01/22
Sansebastianetako balorazio oso positiboa egiten du Udalak

Asteburu ederra bizi izan da Azpeitian. San Sebastian Egunean, igandean, eguraldiak gehiegi ez bazuen lagundu ere, prozesioa ez beste ekitaldi guztiak aurrera atera ziren, eta jende andana ibili zen kalean, larunbatean zein igandean. "Ikaragarria izan da parte hartzea danborradan, eta eskerrak eman behar dizkiogu festa hauek aurrera ateratzeko era batera edo bestera lanean aritu diren guzti-guztiei", adierazi du Mikel Ibarzabal Festa Batzordeburuak.


Jendetza bildu da asteburuan Azpeitian, eta herritar zein bisitariek normaltasunez gozatu ahal izan dute festetaz: "Larunbatean zein igandean, jendetza ibili da kalean, hori nabaria da. Hala ere, normaltasuna izan da nagusi", gaineratu du Ibarzabalek. Festek eman dutenarekin gustura da, baina igandeko bi danborradetan euria egin izana du pena: "Lastima da danborradak irten zuten garaian, goizean zein gauean, ateri zegoen, baina bi umeetan, taldeak plazara iristerako euri jasa hasi zen". Euriak euri, ekitaldi guztiak aurrera atera direla azpimarratu nahi izan du. 

Sansebastianetan herritarrak eta parte hartzea izaten dira nagusi: "Parte hartzea handia da, danbor taldeetako arduradunekin bilera batzuk egiten ditugu aurretik, eta antolakuntza edo koordinazioan ere denok aritzen gara elkarlanean. Aurten, adibidez, Itsasi dantza taldeak San Sebastian Egunean, goizean Parrokian San Sebastian Martxa jotzen den bitartean dantza egitea proposatu zigun, eta benetan momentu polita izan zen", jarraitu du. 

Bukatzeko, berriro eskerrak eman nahi izan dizkie festak aurrera ateratzeko lanean aritu diren guzti-guztiei.