Itzulpen automatikoa / Machine translation

Sierben komentua erosteko akordioa egin dute Azpeitiko Udalak eta Mariaren Sierben kongregazioak

2025/06/25
Sierben komentua erosteko akordioa egin dute Azpeitiko Udalak eta Mariaren Sierben kongregazioak

Erosketa “estrategikoa” dela esan du Nagore Alkorta alkateak, herriaren erdigunean dauden eraikin eta partzela bat eskuratuko dituelako udalak herritarren onurarako erabili ahal izateko. Komentuak 3.254 m2 ditu eraikita, eta komentua eta inguruko berdegunea kontuan hartuta, 9.735 m2 hartzen ditu eremuak (1.444 m2 komentuak eta 8.291 m2 berdeguneak).


Iazko udaberrian utzi zuten Azpeitia Sierbetako mojek, eta orduan geratu zen hutsik eraikina. “Dagoen lekuan egonda, eta dituen dimentsioak izanda, hasieratik iruditu zitzaigun interesgarria erostea. Negoziazioek bere denbora eskatu digute, baina izugarri pozik gaude, uste dugulako akordio on bat lortu dugula eta herri proiektu interesgarri bat garatu ahal izango dugula bertan”, esan du alkateak.

Azpeitiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren arabera, eremu horrek ekipamendu erabilera izan behar du; hau da, osasun, gizarte, kultur, administrazio eta beste hainbat motatako ekipamenduak jar daitezke bertan. Alkortak iragarri duenez, momentuz behintzat, udalak ez du kalifikazioa aldatzeko asmorik. “Behin akordioa eginda, erosketa sinatzea falta zaigu. Uztailean egitea aurreikusten da. Eraikinari eman nahiko geniokeen erabilerari buruzko ideia batzuk baditugu, eta dagoeneko hasi gara ate batzuk jotzen”.

Erosketa Azpetian Berritzenen bidez egin du udalak; hain zuzen, administrazio kontseiluak gaur goizean egindako bozketan eman zaio oniritzia erosketarako dirua eskuragarri jartzeari. Bi milioi euroko inbertsioa egingo du eraikina eskuratzeko. “Sierbak erosi arren, Azpeitiko Udalak gastu araua betetzen jarraitzeko arazorik ez du izango, eta etorkizuneko inbertsioak ere ez ditu kolokan jarriko inbertsio honek”, zehaztu du Alkortak.