Sindikatu Zaharrean, bigarren ikasgela ere zabalik
2025/02/14
Duela urte batzuk, Sindikatu Zaharreko lehen solairuko gela bat ikasgela gisa erabiltzeko egokitu zuen udalak. Gaur egun, asko eta asko dira astegun nahiz asteburu ikastera gela horretara joaten direnak. Erabilera handia du, txiki geratzeraino. Horregatik, erantzun on hori eta espazio handiago baten eskaera zeudela ikusita, ondoko gelan ere aulki eta mahaiak jarri ditu udalak, ikasteko erabili ahal izateko.
Gela dagoeneko egokituta dago, eta gaur bertan ere joan daiteke. Sindikatu Zaharreko ikasgelen berezitasuna da egunero egoten direla irekita, astelehenetik igandera, 08:00etatik 22:00etara. 16 urtetik gorakoek dute ikasgela horiek erabiltzeko aukera, eta joan nahi izanez gero, ez da aparteko ezer egin behar, ez baita izen-ematerik eta halakorik eskatzen.
Aurrerantzean ikasgela izango dena bileretarako erabiltzen zen orain arte. Baigeraren eraikinean (Sindikatu Zaharraren ondoan) egin ahal izango dira bilerak hemendik aurrera.
