Tasa eta zerga gehienak bere horretan mantendu eta energia berriztagarriak ezartzeko hobariak indartu dira
2022/10/04
Azpeitiko Udalak behin-behinean, eta aho batez, onartu ditu 2023. urterako ordenantza fiskalak gaurko plenoan. Ia tasa eta zerga guztiak bere horretan mantenduko dira eta energia berriztagarriak ezartzeko hobariak indartu ditu.
Gaurko urriko plenoan, behin-behinean onartu ditu Azpeitiko Udalak 2023ko tasa eta zergak; baita horien inguruko hobariak ere. Azken asteotan, udalaren egoera ekonomikoa eta urteko datu ekonomikoak aztertu ostean azken urteko bilakaera ikusi eta dagozkion aurreikuspenak egin ondoren, irailaren 26ko ogasun batzordean landu zuen Udal Gobernuak bere proposamena gaurko plenoan onartu aurretik.
Orohar, 2023. urtean tasa eta zergetan ez da aldaketarik izango. Ordenantza fiskalak zehazterakoan udalaren egoera ekonomikoren bilakaera aztertu dituzte “aurreikuspen egokiak egiteko” Leire Goenaga Ogasun batzordeburuaren hitzetan. Azpeitiko Udalak bi printzipio nagusiren baitan osatu ditu ordenantza fiskalak: zuhurtzia eta zergen progresibitatea. “Gau egungo egoera honetan, bizi ditugun hainbat krisi tarteko, prezioen igoera ikaragarriaren aurrean aurkitzen gara, eta ez dirudi epe motzean aldatuko denik. Udalean ere eragin nabarmena izaten ari da. Herritar denok kolpatzen gaitu, baina denok ez gaitu berdin kolpatzen egoera honek. Ondorioz, zerga aplikazio progresiboa beharrezkoa da. Karga fiskalek ezberdin eragiten digute guztioi. Udalaren ardura da karga fiskal horiek ahalik orekatu eta berdinera izatea”. Horretarako hainbat hobari daudela azpimarratu du. Udal laguntzak ere aipatu ditu, behar gehien duten herritarren oinarrizko beharrei aurre egiteko gastu finkoei aurre egiteko tresna gisa. Bide horretan, hobariak ere gastu horiek gutxitzeko helburuz daudela zehaztu du.
Salbuespen bat izango tasa eta zergetan: zabor bilketa tasa prezioa eguneratu egingo da %1,5 igota, batezbeste urtean bi euroko igoera izango da, zehazki.
Hobari gehiago energia berriztagarriak ezartzeko
Tasa eta zergak mantentzeaz gain, orain artean abian zeuden hobari guztiak ere mantendu egingo dira. Gainera, energia berriztagarrien kasuan, iaztik abian den Ondasun Higiezinen gaineko zergaren baitan,eguzkitik datorren energia aprobetxatzeko sistema termikoak edo elektrikoak jartzen dituzten etxebizitza erabilerako eraikinetan aplikatzen den %50eko hobariaz gain, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergan %95eko hobari berria ere izango da 2023an.
Beste hobariei dagokionez, ibilgailu elektriko eta hibridoentzako hobaria du Udalak. Hala, trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergan; Ibilgailu elektrikoek %90eko hobaria dute, eta hibridoek %50ekoa. Horretaz gain, 30 urtetik gorako auto historikoek %100eko hobaria dute. Familia ugarien kasuan ere diru sarreraren arabera, hobaria izan dezakete.
Ekonomia jardueren gaineko zergan, enplegua sustatu edo errazteko helburuarekin gaur egun dauden hainbat hobari mantenduko dira. Jarduera berri bat abian jartzen dutenen kasuan %50eko hobaria izango dute zerga honetan, kontratu mugagabeak sortzen duten jarduerek %30ekoa izango dute eta kooperatiba babestuek eta beste hainbat enpresa moldek %50ekoa.
Kirol instalazioetako tarifei dagokionez, familia ugariek, familia abonuetan diru sarreren arabera hobaria jasotzeko aukera dute. Erretiratuek, pentsiodunek, langabeek eta lanbide arteko oinarrizko soldata baino errenta baxuagoa duten herritarren hobariak ere bere horretan mantenduko dira.
