Itzulpen automatikoa / Machine translation

'The Armend Man' kontzertua eskainiko da larunbatean, Soreasun

2023/03/07
'The Armend Man' kontzertua eskainiko da larunbatean, Soreasun

Julian Barrenetxea abesbatzak, Karl Jenkins konposatzailaren "THE ARMED MAN", Pakearen aldeko kontzertua aurkeztuko du larunbatean, martxoak 11, Soreasu antzokian, Donostiako Aita Donosti, Lazkaoko Kantaka eta Ormaiztegiko Urmaiz Abesbatzekin batera. Kontzertu berezia izango da eta dagoeneko salgai daude sarrerak Kulturazen webgunean.


Kontzertu berezia izango da Soreasu antzokian larunbatean, martxoak 11. Azpeitiko Julian Barrenetxea abesbatzaz gain, Donostiako Aita Donosti, Lazkaoko Kantaka eta Ormaiztegiko Urmaiz Abesbatzak izango dira taula gainean. Kontzertua 20:15ean hasiko da eta dagoeneko eskuratu daitezke sarrerak Kulturazen webgunean.


Aurrez ere eskaini izan dute kontzertu hau Azpeitian izango diren abesbatzek: Donostian eta Lazkaon, hain zuzen. Lazkaoko kontzertuaren ondoren, emanaldia Azpeitira ekartzeko aukera aztertu zuten eta Udalaren laguntza eta babesarekin, larunbatean Azpeitian izango da ikuskizuna.


Julian Barrenetxea abesbatzako kideak ikuskizuna herrian eskaintzeko “gogoz” daude. Oso eskertuta azaldu dira herrian horrelako kontzertu bat emateko aukera izateagatik eta horretarako jaso duten laguntzagatik: “Azpeitiko Udala eskertu nahi dugu emandako babesagatik, eta baita Kulturaz ere, ematen ari den laguntzagatik”. Herritarrei larunbateko ikuskizunera joateko gonbita ere egin nahi izan diete.


Eneritz Albizu Kultura Batzordeburuak Julian Barrenetxeako kideak zoriondu nahi izan ditu, “egiten duten lan guztiagatik” eta eskertu “horrelako kontzertu batean parte hartuz eta herrira ekarriz kultura aberasteagatik”.

​Bakearen aldeko mezua
Karl Jenkins konpositore galestarraren obrak musika klasikoa, etnikoa eta eliza-musika bateratzen ditu. Musikaren bidez adierazitako gerraren eta bakearen inguruko hausnarketa sakona egiten du. Meza horrek gerrak eta bakeak kultura-aniztasuneko gizarte globalean duten eragina islatzen du; horregatik erabili ditu Jenkinsek hainbat jatorritako material historiko eta kulturalak. Obra honen bidez, egileak emozio ugari piztu nahi ditu, gerraren eta sufrimenduaren alderdirik ikaragarrienak barne, gerraren aurkako alegatua baita. Obra hau ezin da egilea hori konposatzen ari zeneko gertaeretatik bereizi eta, horregatik eskaintzen die Jenkinsek lana Kosovoko  gerrako biktimei.

​Sarrerak salgai

Kontzertu berezi horretarako sarrerak online salgai daude. 5 eurotan eros daitezke Kulturazen webgunean eta egunean bertan ere izango da erosteko aukera Soreasuko leihatilan.