'Tonbola' kaleko kabaret ikuskizuna izango da igandean, 19:30ean, plazan
2020/09/24
Datorren igandean, irailak 27, 19:30ean, Hika teatroaken Tonbola kaleko kabaret ikuskizuna izango da plazan, 19:30ean hasita. Ikuskizunaz gozatzeko segurtasun neurri guztiak hartuko dira; eserita ikusi beharko da eta mugatua egongo da. Eguraldi txarra egingo balu, azoka plazan egingo da. Bukaeran, aurtengo Euskal Antzerki Topaketen edizioaren aurrerapetxo bat egingo da.
Tonbola ikuskizunak kaleko kabareta eraikiko du. Egoera absurdoetan oinarrituko du bere umorea eta munduan zehar mugek banatuta edota muga baten baitan bizi den jendearen errealitateari erreparatuko dio. Irabazlearen pozak dantzarekin eta zuzeneko kantu eta musikarekin hornituko ditu eta galtzaileen minak gorputzetik eraiki.
TONBOLA herrira iritsi da eta harekin batera datoz tonbolaria, haren emaztea eta haien zerbitzariak.
Iritsi dira “Ilusio sortzaileak!”
Ikuskizun honek tonbolero familia batek eta haren ahuntz atzerritarrak Europan bizirauteko egin beharrekoak kontatzen ditu. Denetarik zozketatzen dute: oliba bilketarako lan-kontratuak,
Danimarkarako familiak, ogi txigorgailua, maskarillak, bizitza sexuala berpizteko audioliburuak, “Made in Libia” markako paterak eta, horrez gain, EUROVISIONen parte hartzeko bi gonbidapenen balioa duen urrezko txartela.
Ez du axola nor zaren, zer zaren, ezta sikiera zer izan nahi duzun. Tonbola honek zuregatik erabakitzen du!
