Itzulpen automatikoa / Machine translation

Txorizoa eta ardoa dastatzeko aukera izango da XV. Libre Ardo Dastaketa Egunean

2022/11/04
Txorizoa eta ardoa dastatzeko aukera izango da XV. Libre Ardo Dastaketa Egunean

Datorren azaroaren 12an, larunbata, XV. Libre Ardo Dastaketa Eguna izango da plazan. 11:30etatik aurrera ardo desberdinak, gazta eta txorizo pintxoak izango dira dastagai.


Herritar zein bisitariek bertako produktuen bueltan, ardo, gazta eta txorizoarekin, eguerdi ederra pasatzeko helburuz egingo da aurtengo Libre Ardo Eguna. Arabar errioxa eta Errioxa jatorri deiturako zein 16 upategitako ardoa, 27 harakindegitako txorizoa eta bertako gaztandegietako gazta izango dira plazan. “Ardo Eguna egun seinalatua izan ohi da azpeitiarrontzat eta aurtengoan, ohi baino beranduago bada ere, egingo da”, adierazi du Mikel Odriozola festa batzordeburuak. Egun “polita” izan ohi dela azpimarratu du: “Plazan giro polita sortzen da. Jende asko gerturatzen da eta horren testigu dira aurreko 14 edizioak”. Bereziki eskertu nahi izan ditu egun hori antolatzen eta aurrera ateratzen ibiltzen diren norbanako, elkarte, upategi, harategi eta upategi guztiak; tartean Gipuzkoako Merkataritza Federazioa, Odriozola Ardoak, Harakin eta txarkuteroen elkartea eta Azkune fruta-denda. 


Urtero bezala, Libre dinamikako kideak arduratuko dira postuetan ardoa ateratzeaz. Ardoari laguntzeko, berriz, inguruko gaztagileen pintxo eta bokadilo txikiak eta momentu horretan egiten ariko diren Txorizo egosiaren lehiaketako txorizoarekin pintxoak izango dira eskuragai. Pintxo horiek banatzeaz Misio Taldeko kideak arduratuko dira. Horientzat izango da pintxoak salduta irabazitako dirua. Gaixo eta Elbarrien Aisialdi Taldea, berriz, lehiaketa aurrera eramateko txorizoa egosten arituko da. Egun horretan bildutako dirua, talde horien elkartasun proiektuetara bideratuko da.


Txorizo egosi eta gazta pintxoak bi euroan salduko dira. Kopa euro batean eta ardo dastaketarako txartelak binaka salduko dira; parea bi euroan.

16 upategitako ardoa dastagai
Jatorri desberdinetako ardoak izango dira plazan nahi dituenarentzat dastagai.
Arabar errioxako izen deitura: Tobelos, Luis Alegre, Eguren Ugarte, Viña Salceda, Viña Real, Ostatu eta Pierola.
Errioxa izen deitura: Rioja Vega, Zinio, Dominio de Berzal, Cvne, Beronia, Valcuerna, Olarra,
Besteak: Quinta do Barco (Portugal) eta Inurrieta (Nafarroa)


27 txorizo lehian
Euskal Herriko Txorizo egosi txapelketari dagokionez, 27 harakinen txorizoak izango dira lehian. Urtez urte indarra hartzen ari den lehiaketa da eta Bizkai, Nafarroa eta Gipuzkoako hainbat txokotako txorizoek hartuko dute parte. "Guretzat garrantzitsuak izan ohi dira horrelako lehiaketak, produktua eta ekoizleak ezagutzeko aukera eskaintzen baitigute", adierazi dute Valentin Odriozola eta Virginia Santoveñak harakinen izenean. Bide horretan harakinen egiten duten esfortzua eskertu nahi izan dute eta baita sortu berri den Ederto-harakil elkartea sortzeko Bertan merkatari elkarteak emandako laguntza ere.


Txorizo lehiaketan parte hartzen dutenen artean, lehen sailkatuak txapela eta Mikel Sanjuan tailugileak egindako garaikurra eskuratuko ditu. Bigarrenak eta hirugarren, berriz, Udalaren garaikurra jasoko dute. Txapelketara aurkezten diren harategi guztiek diploma bana emango zaie eta guztien artean asteburu pasa bat ere zozkatuko da.


Lehen hiruek, datorren urtean plazan txorizoa saltzeko postua jartzeko aukera ere eskainiko zaie. Azken edizioko (2019) txapeldunek, beraz, postua jartzeko aukera izango dute plazan. 2019an Azpeitiko Zabala harategia izan zen garailea, Olazagutiako Pako harategia bigarrena eta Segurako Ondarre harategia hirugarrena.


Txorizo egosi txapelketako epaimahaiari dagokionez, Arantxa Arregi, Beatriz Larrañaga, Jesus Mari Deba, Mikel Uria eta Ederto Elkarteko ordezkari batek osatuko dute.


Arratsaldean, berriz, Sanmartinak izanik Errebaleko festak dira eta sokamuturra izango da.