Uda sasoian euskara maila hobetzeko aurrez aurreko zein online ikastaroak eskainiko ditu Udal Euskaltegiak
2020/06/05
Udal euskaltegia ere hasi da pixkanaka-pixkanaka bere egunerokoa berreskuratzen eta udan ere euskara ikasteko edo hobetzeko eskaintza abiatu du. Ekaina hastearekin batera, B2 eta C1 mailetako ikastaro trinkoa egiteko matrikulazio epea ireki du. Horrez gain, lehen aldiz, C1 maila online emango dute. Ikastaro hori ekainaren 29tik irailaren 18ra artean egiteko aukera izango da. 70 orduko ikastaroa izango da eta ikasleek beren erritmora egokitzeko aukera izango dute.
Eneritz Albizu Euskara batzordeburuaren arabera, ezohiko egoera honek erakutsi du beharrezkoa dela online baliabideak txertatzea euskararen ikaskuntzan: “Euskara ikasi nahi duten pertsonei ahalik eta zerbitzu onena eskaintzeko ari gara lanean, C1 mailarekin hasi gara, baina datorren ikasturtera begira hori zabaltzea da helburua”.
Aurten ohi baino beranduago egingo dira titulu ofizialak ateratzeko azterketak, halere, Azpeitiko Udalak uda sasoian ere euskara ikasteko edo hobetzeko eskaintza egin nahi izan du; prebentzio neurri guztiak jarraituta, gehinez ere zazpi laguneko taldeak osatuko dira. Matrikulazioa irekita izango da ekainaren 17a bitartean.
Maila baxuko ikasleentzat, saio bereziak
Ikasturte berezi honetan maila baxuenetan ibili diren ikasleei ere saio bereziak eskainiko dizkie euskaltegiak. Saio horien helburua da alarma egoera garaian online egindako lanari errepaso bat ematea eta euskaraz egiteko gaitasuna indartzea. Hautazkoak izango dira, eta ikasle guztiek izango dute aukera eskola horiek hartzeko. Albizuk nabarmendu du konfinamenduak euskararen erabileran ere eragingo ziela ikasleei, eta, batik bat, maila baxuenekoei: “Badakigu, askotan, oinarrizko mailatan dauden ikasleek zailtasunak dituztela ingurukoekin euskaraz aritzeko, eta bereziki horiei lagundu behar zaiela ulertzen dugu. Ikasleek saiakera berezia egin dute eskolak telematikoki jarraitzeko, eta beharrezkoa ikusi dugu aukera hau jartzea, ikasitako indartzeko eta ahozkoari ere garrantzia emateko”.
Testuinguru horretan, Euskara batzordeburuak, ikasleek ez ezik, Udal Euskaltegiko langileek eginiko lana nabarmendu du: “Egoerara egokitzeko esfortzu handia egin dute, eta etorkizunera begira ikasleentzat zerbitzua hobetzeko bideak lantzeko prest egon dira uneoro”.
Euskaraz ikastea doakoa
Duela zenbait urte jarritako beka sistemaren bidez, euskara doan ikas daiteke Azpeitian: "Badakigu konpromisoa eskatzen duela euskara ikasteak, eta bidea apurka egin behar dela. Horregatik, erraztasunak ematen saiatzen gara udaletik. Aurten ere ikasleek izango dute aukera doan euskalduntzeko, gutxiengo asistentzia bat betez gero. Euskara ikasteko bidean, herritarren ondoan egongo gara beti”, azpimarratu du Albizuk.