Udaberriko balkoi eta erakusleiho lehiaketa antolatu dute Azpeitiko Udalak eta Bertanek
2019/05/27
Azpeitiko Udalak eta Bertan Merkatari Elkarteak Azpeitia udaberri kolorez janzteko deia luzatu nahi diete herritarrei. Horretarako, udaberriko dekorazioak sarituko dituen lehiaketa bat jarri dute abian, I. Udaberriko balkoi eta erakusleiho lehiaketa.
Bi kategoria izango ditu lehiaketak. Alde batetik, herritar orori zuzenduta, balkoi eta leiho lehiaketa egingo da. Bestetik, merkatariei zuzenduta, erakusleiho lehiaketa egingo da. Bi kategorietan, udaberriko motiboz osaturiko dekoraziorik hoberenak sarituko dira.
Udal ordezkariz, Merkatari Elkarteko ordezkariz eta herriko dekorazio adituz osatuko da epaimahaia eta kategoria bakoitzean bi sari banatuko ditu, 350€ko lehen saria eta 150€ko bigarren saria. Erakusleihoen kasuan, herritarren sari bat ere egongo da, 200€koa, Merkatari Elkarteko facebook orrialdean “atsegin dut” gehien jasotzen dituenak eskuratuko duena.
Lehiaketan parte hartu nahi dutenek, bai balkoi edo leihoarekin zein erakusleihoarekin, ekainaren 9a baino lehen eman beharko dute izena 688 874 861 (Turismo bulegoa) edo 943 02 56 73 (Merkatari Elkartea) telefonoetara deituz. Aldi berean, ekainaren 10erako prest egon beharko dute lehiaketan parte hartuko duten dekorazio guztiek eta hauek ezingo dira aldatu ekainaren 23ra arte. Epaimahaiak ekainaren 28an emango ditu ezagutzera irabazleen izenak.
Lehiaketaren berri eman eta parte hartzea sustatzeko asmoz, Udalak landareak banatuko ditu herritarren artean. Horrela, astearte goizean zehar, azokarekin batera, garaiko 300 landare txiki banatuko dira.
Lehiaketen oinarriak
