Itzulpen automatikoa / Machine translation

Udal eraikin, denda eta tabernetako telefonoak erabili ahal izango dituzte gaztetxoek, mugikorra izateko adina atzeratzeko

2023/12/20
Udal eraikin, denda eta tabernetako telefonoak erabili ahal izango dituzte gaztetxoek, mugikorra izateko adina atzeratzeko

Mugikorra izateko adina atzeratzeko helburuarekin, Aurrez Aurre taldeak, Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatarien elkarteak egitasmo berri bat jarri dute martxan. Beharra dutenean, udal eraikin, saltoki eta ostalaritzako guneetako telefonoetatik deitzeko aukera emango zaie gaztetxoei, mugikorra erabiltzeko edo gainean eramateko premiarik izan ez dezaten. Egitasmoarekin bat egiten duten saltokiek pegatina bat izango dute erakusleihoan. Sartu eta telefonoa eskatu, besterik ez dute egin behar gaztetxoek.



Bertan elkartea dagoeneko hasi da pegatinak banatzen. Jaso ez dutenek edo egitasmoarekin bat egin nahi duten gainerako saltoki eta tabernek elkartearen bulegoan eska dezakete pegatina (943 025673).

Aurrez Aurre taldea

Gurasoen kezka batetik sortutako taldea da Aurrez Aurre. “Mugikorrak, oro har, pantailak eta sare sozialak oso txertatuta daude gure egunerokotasunean, eta oso baliagarriak zaizkigun arren, erabilera desegoki batek oso eragin kaltegarriak ekar ditzake. Teknologia berriak azkar ari dira garatzen, helduon garuna baino azkarrago, eta, zer esanik ez, gure haur eta nerabeen garunaren kasuan”, diote taldeko kideek.

Hasiera batean, ikastetxe bakoitza bere kabuz hasi zen lanean. “Baina herri txikia izanik, eta gure seme-alabak eta gurasoak elkarren ezagun-lagun garenez, gai hauek denon artean lantzea beharrezkoa zela iruditu zitzaigun”. Gauzak horrela, gaur egun, hiru ikastetxeetako gurasoak eta udala ari dira elkarlanean “gizarte aske eta osasuntsu baten alde”.

Aurrez Aurre taldeak bi helburu nagusi ditu:
• Seme-alabek mugikor propioa eskuratzeko adina ahalik eta gehien atzeratzea.
• Mugikor eta teknologia berrien erabilera egokia bideratzea.

Elkarrekin lan egiteak duen indarra eta inguruak duen eragina azpimarratu dituzte. “Aurrez Aurre taldeak orain arte egindako ibilbide motz hau ez da alferrikakoa izan; gero eta guraso talde gehiago gaude mugikorra emateko adina atzeratzearen alde, eta paktu sistema deritzogun erronka martxan dugu”.
Udalak ikastetxeetara bideratutako hainbat programek emandako emaitza onak ere azpimarratu dituzte. “Teknologia berrien eta sexu heziketa programetako saioen balorazioetan jasotako emaitzetan islatu da, batez ere mugikor propioa ez duten ikasleetan. Ikasleek marraztutako gorputzetan garbi irudikatu zuten galdera eta erantzunetan sare sozialen eragin eza, eta euren ekarpenak askatasunez egin zituzten”.

Taldearen logoa

Urtarrilaren 4an, Gabonetako ekintzen barruan, Aurrez Aurre taldearen logoa aurkeztuko dute Azoka Plazan, 19:00etan. Urola, Ikasberri eta Iraurgi ikastetxeetako LH1etik LH6ra arteko ikasle guztiei eskatu zitzaien marrazki bat Aurrez Aurre talde eragilearentzat logoa egiteko.

723 ikaslek hartu dute parte, eta horien guztien artean zozketa bat egin da. Urtarrilaren 4ko ekitaldian jasoko dituzte sariak. Marrazki guztiekin erakusketa bat ere osatuko dute, eta Azoka Plazan bertan egongo da ikusgai urtarrilaren 7ra arte.