Itzulpen automatikoa / Machine translation

Udalak 400.000 euro bideratuko ditu herriko ekonomia sustatzeko laguntzetara

2025/07/02
Udalak 400.000 euro bideratuko ditu herriko ekonomia sustatzeko laguntzetara

Herriko ehun ekonomikoari laguntzeko egiten duen ahaleginari eutsiz, Azpeitiko Udalak 400.000 euro bideratuko ditu sustapen ekonomikoko laguntzetara. Eskaerak egiteko epea zabalik dago, eta urriaren 15era arteko epea egongo da horretarako.


“Laguntza hauek sektore guztietara iristen dira, eta eskaera handia izaten dute. Gainera, ekonomia sustatzeaz gain, beste helburu estrategiko batzuk ere bultzatzen dituzte, hala nola Alde Zaharraren biziberritzea eta trantsizio energetikoaren aldeko apustua”, esan du Ander Larrañaga Ekonomia, Merkataritza eta Turismo batzordeburuak.

Hain zuzen, sustapen ekonomikoko laguntzen bidez, honako hauek bultzatzeko ahalegina egiten du udalak.

• Enpresak sortzea eta haztea eta enplegua sortzea
• Garapen eta aukera espazio berriak sortzea ekintzaileentzat eta enpresentzat.
• Berrikuntza bultzatzea ekintzailetzan eta ekintzailetza kulturaren sustapenean.
• Jarduera ekonomiko eta soziala sustatzea, proiektu berritzaileen bidez.
• Herriko Alde Zaharra biziberritzea.
• Trantsizio energetikorako laguntza ematea.
• Enpresetako eta merkataritzako kontratazioak bultzatzea.

Zenbait aldaketa

Larrañagak zehaztu du urtero berrikusten direla laguntzak, “herriko ekonomian dauden beharretara hobeto egokitzeko”. Hala, iazko deialdiarekin alderatuta, zenbait berrikuntza daude aurten; besteak beste, nekazaritza, abelazkuntza edo basogintza jardueretan, laguntzak jaso ahal izateko, nahikoa izango da Nekazaritzako Lan Unitatea 0,5-ekoa izatea (lehen gutxienez 1 eskatzen zen); Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren epigrafeetan ere aukera gehiago sartu dira, eta epigrafe horietan ez dauden jardueren eskaerak aztertzeko aukera ere zabalik utzi da; lanaldi-erdi mugagabean dauden langileak lanaldi oso mugagabera igarotzea ere lagunduko da.

Lau laguntza lerro

Ohi bezala, lau lerrotan banatu da dirulaguntza programa:

• Zerbitzu sektorean eta/edo lehen sektorean jarduerak indartzera bideratutako dirulaguntzak. 100.000 €
• Industria proiektu estrategiko edo berritzaileak eta inbertsioak, bai industria sektorean zein eraikuntza sektorean sustatzeko dirulaguntzak: 160.000 €
• Ekintzailetasuna sustatuz, bereziki gizarte-ekonomian eta izaera estrategikoa edo berritzailea duten jardueratan enpleguaren sorrera bultzatzeko dirulaguntzak. 65.000 €
• Lehen sektorean, zerbitzuen sektorean, ostalaritzan nahiz industrian kontratazioak egiteko dirulaguntzak. 75.000 €
Dirulaguntzen deialdia eta oinarriak udalaren webguneko dirulaguntzen atalean daude eskuragai.