Itzulpen automatikoa / Machine translation

Udalaren psikologo zerbitzuak 110 herritarri eman die arreta urtebetean

2024/10/18
Udalaren psikologo zerbitzuak 110 herritarri eman die arreta urtebetean

Azpeitiko Udalak iazko urrian jarri zuen martxan doako psikologo zerbitzua. Harrera oso ona izan du, eta horren erakusle dira datuak: 110 herritarri eman die zerbitzua lehen urtean. Horietatik bostek bakarrik utzi dute esku hartzea, eta gainerako guztiek hasitako lanketa amaitu egin dute. Gaur egun, 24 erabiltzaile ditu zerbitzuak.


Luis Legorburu psikologoak ematen du arreta, eta, azaldu duenez, era askotako arrazoiengatik jo dute herritarrek zerbitzura. “Gehienak familia arazoengatik etorri dira (bikote arazoak, anai-arreben artekoak…); enplegu arazoengatik etorri direnak ere asko izan dira; horrez gain, eta nire ustez nabarmentzekoa da, jende dezente etorri da badakielako zerbait gertatzen zaiola, baina ez dakielako zer”.

Adin guztietako jendea joan da Legorbururengana. “40-50 urte dituztenak etorri dira gehien, baina 18-25 urtekoak ere %21 izan dira, eta hori pozgarria da, prebentzioaren arloan kokatzen delako zerbitzua”. Sexuari dagokionez, emakumeak izan dira %70 inguru. “Ikusten da aldaketa bat pixkanaka, baina gizonak normalean medikuak bideratuta etortzen dira. Buruko minarekin edo tripako minarekin hasten dira, lanketa bat egiten da, eta ikusten bada zerbait emozionala dagoela tartean, medikuak niregana bideratzen ditu”.

Hain zuzen, hiru bide daude Azpeitiko Udalaren psikologo zerbitzura jotzeko: anbulatoriotik bideratuta, Gizarte Zerbitzuetatik bideratuta edo zuzenean txanda eskatuta. “Pozik gaude gero eta gehiagok eskatzen dutelako txanda zuzenean”, esan du Legorburuk.

Prebentzioaren arloan kokatzen denez zerbitzua, Legorburuk azaldu du “oso garrantzitsua” dela berehalako arreta bermatzea. “Norbaitek txanda eskatzen duenean, lehenbailehen jartzen gara harremanetan, eta lehen txanda ere hamabost egun baino lehen ematen zaio eskaera egin duenari”. Oro har, sei saiokoak izaten dira esku hartzeak, eta doakoak dira. Txanda hartzeko, 943 15 71 92 zenbakira deitu behar da.

Udalak, balorazio “oso positiboa”

Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuaren hitzetan, Azpeitiko Udalak doako psikologo zerbitzuaren balorazio “oso positiboa” egiten du. “Zerbitzu berri bat da, apustu bat egin genuen iaz, baina datuek erakusten dute beharrezkoa zela”.

Prebentzioaren garrantzia azpimarratu du. “Ikusten genuen ondoez emozionalaren kasuak ugaritzen ari zirela, eta gaiari heldu egin dio udalak, ondoez horiek arazo larriago ez bihurtzeko. Arlo fisikoa zaindu beharraren garrantzia inork ez du zalantzan jartzen, baina arlo emozionalari ere eman behar diogu daukan garrantzia, eta baliabideak jarri behar ditugu horretarako, emozionalki ondo ez dagoen pertsona batek nekez izango duelako bizi kalitate on bat”.

Horri lotuta, 18 urtetik gorako psikologo zerbitzuaz aparte, familientzako eta nerabeentzako orientazio zerbitzua ere jarri du martxan aurten udalak, eta beste hainbat zerbitzu ere baditu, “adin tarte guztietako herritarren behar emozionalei erantzuten saiatzeko”.

Elkarlanaren garrantzia ere aipatu du Goenagak. “Osakidetzak berak bideratzen ditu kasuak psikologo zerbitzura, eta erakundeon arteko elkarlan hori benetan aberasgarria dela esango nuke”.