Urrestilla, festarako prest
2025/06/19
Larunbatean eta astelehenean, autobusak egongo dira Azpeititik Urrestillara joateko, eta biharamunean, jaietatik itzultzeko.
Jai giroko egunak dituzte aurretik urrestildarrek. Asteartea izango dute egun handia, eta zuhaitza sartu eta san joan suaren bueltan dantzan hasteko oraindik ere egun batzuk falta diren arren, asteburua ere bete-betea izango da (ikusi egitarau osoa).
Larunbatean, ekainak 21, kontzertuak antolatu dituzte, eta 20:40ean (lineakoa) eta 22:30ean izango dira joaneko autobusak. Itzultzeko ordua, berriz, 01:30ean, 03:30ean eta 06:00etan izango dute. Astelehenean, ekainaren 23an, 19:15ean eta 20:40ean abiatuko dira lineako autobusak Azpeititik, eta itzulerako autobusak 03:30ean eta 06:30ean izango dira.
Azpeitiko plazan ere bai
San joan su pizteko ohiturari eusten zaio oraindik herriko beste auzo eta baserri batzuetan ere. Azken urteotan, indarra hartu du Azpeitiko plazan egin ohi den ekitaldiak ere. 22:00etan hasiko da, eta Itsasi taldeko dantzariak ariko dira dantzan.
