Urrezko Aizkolarien Finalak jokatuko dituzte igandean Urrestillan
2024/06/06
Gizonetan, banaka lehiatuko dira, eta lau final izango dira: Urrezko mailakoa eta 23, 18 eta 16 urtez azpikoenak; emakumeetan, binakako finala izango da. Juan Iguaranen oroimenezko harri-jasotze desafioarekin osatuko dute jaialdia.
Izarraitz pilotalekuan egin izan dituzte azken urteotan Urrezko Aizkolarien finalak; igandean, ordea, Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak dira, eta hauteskunde mahaiak jarriko dituzte frontoian. Ondorioz, Urrestillako Txikuri pilotalekuan izango dira finalak, 17:45etik aurrera.
Gizonezkoetan, Urrezko mailan, Mikel Larrañaga, Iker Vicente eta Hodei Ezpeleta ariko dira nor baino nor. 23 urtetik beherakoetan, Jon Erdozia eta Aritz Oiarbide; 18 urtetik beherakoetan, Unai Etxeberria Osinalde eta Oier Mitxelena; eta 16 urtez azpikoetan, Aitor Saralegi eta Kimetz Alzola.
Emakumeetan, hiru bikote hauek ariko dira lehian: Malen Barrenetxea-Karmele Gisasola Zelai III., Uxue Ansorregi-Nerea Sorondo eta Oihana Fernandez de Barrena-Maika Aristegi.
Juan Iguaranen omenezko harri-jasotze desafioan, Mikel Urrak, Paulo Azpiazuk eta Iraitz Arruti Burni Txiki-k osatutako hirukotea Jokin Eizmendi, Beñat Telleria eta Aimar Galarragak osatutako hirukotearen aurka ariko da.
Atzo egindako aurkezpenean, Ion Oteiza Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeak adierazi zuen pozgarria dela aizkoran erreleboa badagoela ikustea. Horrez gain, herri kiroletan emakumeen parte-hartzea izaten ari den gorakada txalotu zuen.
