Urriaren 11ra arteko epea egongo da trastelekuak egiteko lokal hutsak udalari eskaintzeko
2024/09/20
Aurrera jarraitzen du alde zaharrean trasteleku komunitarioak egiteko proiektuak. Bilera eta galdetegi bidez, bizilagunen beharrei buruzko informazioa jasotzea izan da lehen urratsa, eta udalak dagoeneko osatuta dauka auzoan trastelekuren bat izateko interesa dutenen zerrenda.
Hurrengo pausoa udalak berak lokal hutsak alokatzea izango da. Hala, alde zaharrean lokalen bat dutenek eta alokatzeko interesa izan dezaketenek urriaren 11ra arteko epea dute lokala udalari eskaintzeko.
Ezaugarri hauek izan behar dituzte lokalek:
- Kokapena: Enparan kalea, Done Jakue kalea, Enparantza Nagusia eta Erdikalea.
- Mota: trasteleku erabilera. Udalak lokala izaera horretara egokitzeko lanak egiteko eskumena izango du.
- Gutxieneko azalera erabilgarria: 80 m2 (espazio gardena).
- Kontserbazio-egoera: hormigoizko egitura.
- Gutxieneko azpiegitura: 2,5 metroko gutxieneko garaiera.
Prozesuan parte hartzeko eskaintzak pleguen I. eta II. eranskinak betez aurkeztuko dira. Plegu horiek Azpeitiko Udalaren web orrian eta Euskadiko Kontratazio Plataforman eskuratu ahal izango dira, irailaren 23tik aurrera.
Alde zaharra bizigarriago egiteko asmoz jarri du abian udalak trasteleku komunitarioak egiteko proiektua. Izan ere, etxeen ezaugarriengatik (igogailurik eta ganbararik ez, portal txikiak…), espazio arazoak izaten dituzte auzotarrek. Uda aurretik, bizilagunekin bi bilera egin dituzte udal ordezkariek proiektuaren berri emateko, eta galdetegi bidez jaso da haien beharrei buruzko informazioa: zer kaletan behar duten trastelekua, trasteleku itxiak edo irekiak behar dituzten, hilean zenbat ordaintzeko prest egongo liratekeen… Interes handia eragin du gaiak.
Lizitazio plataformako lotura: https://www.contratacion.euskadi.eus/kontratazio_iragarkia/xedea-da-azpeitiko-alde-zaharreko-eremuan-dauden-lokal-hutsak-erostea-edota-alokatzea-udalak-espazio-horiek-trasteleku-komunitario-bezala-egokitzeko/webkpe00-kpeperfi/eu/
