Itzulpen automatikoa / Machine translation

Urriaren 31ra arte eska daitezke etxebizitzetako energia eraginkortasuna, kontserbazioa eta irisgarritasuna hobetzeko laguntzak

2024/09/03
Urriaren 31ra arte eska daitezke etxebizitzetako energia eraginkortasuna, kontserbazioa eta irisgarritasuna hobetzeko laguntzak

200.000 euroko diru-partida bideratuko du udalak. Aurreko urteetan arrakasta handia izan dute laguntzek.


Duela bi urte hasi zen Azpeitiko Udala etxebizitzetan energia-eraginkortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko obretarako, etxebizitzen kontserbaziorako eta energia-iturri berriztagarriak instalatzeko dirulaguntzak ematen. “Herritarrei lagundu nahi diegu etxeetako energia-eraginkortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko inbertsioak egiten; izan ere, inbertsio horiei esker, herritarren bizi kalitatea eta erosotasuna hobetzen dira, eta energia kostuak gutxitu”, esan du Joanes Amenabar Ingurumen batzordeburuak.

Azaldu du laguntzek arrakasta handia izan dutela aurreko urteetan. Iaz, adibidez, 77 onuradun izan ziren, eta deialdian aurreikusitako partida osoa erabili zen. “Laguntza nahiko berriak dira, eta ahalegin ekonomiko garrantzitsua eskatzen diote udalari. Hala ere, iruditzen zaigu benetan merezi duela inbertsio horiek sustatzen segitzea; izan ere, halako obrak diru askoko obrak izaten dira, eta badakigu bestela egingo ez ziren obra batzuk egin egin direla laguntza hauei esker”.

Lau motatako inbertsioak

Aurtengo deialdia ere zabalik dago. Aurrekontuetan, 200.000 euroko kopurua onartu zuen udalak laguntzetarako. Deialdiaren oinarrien arabera, lau kontzepturen barruan egin ahal izango dira eskaerak:

1. Irisgarritasuna hobetzeko lanak.
2. Energia-efizientzia hobetzeko lanak.
3. Energia-iturri berriztagarrien instalaziorako lanak.
4. Eraikinen kontserbazio-obrak

1. Irisgarritasuna
a. Elementu komunetan egindako obrak: igogailuak lehen aldiz instalatzeko lanak, dagoeneko martxan dagoen igogailu bateko ibilbidea (bide publikotik etxe bizitza bakoitzera bitartekoa) ibilerraz bihurtzeko lanak eta pasabideak/ateak egokitzeko lanak (zabalera, norabidea eta abar aldatzekoak eta/edo beharrezkoak diren mekanismo/elementuak instalatzekoak).
b. Elementu pribatiboetan egindakoak: etxebizitzen barruko irisgarritasuna hobetzeko obrak (bainugeletako barrualdeak hobetzea: bainuontzien ordez dutxak jartzea, pasoko ateekin, komunen egokitzapenarekin eta abarrekin ordezkatzea, eta segurtasun elementu finkoak instalatzea, hala nola bainuontziko eserlekuak, txorrotak, holtzak, barrak eta/edo euskarriak). Etxean mugikortasun urriko pertsonak edo 65 urtetik gorakoak bizi badira bakarrik egin ahal izango da eskaera.

2. Energia-efizientzia
a. Elementu komunetan egindakoak: eraikinaren inguratzaile termikoa eta beharrezko isolamendua hobetzeko lanak.
b. Elementu pribatiboetan egindakoak: energia-eraginkortasuna hobetzeko eta etxebizitzaren inguratzaile termikoa hobetzeko lanak.

3. Energia iturri berriztagarrien instalazioa.
Laguntza lerro honen helburua da autokontsumorako energia berriztagarriak erabiltzea sustatzea, horretarako beharrezko diren instalazio lanak lagunduz.

4. Eraikinen kontserbazioa.
Honako lan hauek lagunduko dira: teilatua eraberritzea; Azpeitiko «Alde Zaharra» 1. HEn kokatutako eraikinetako fatxadak birgaitzea eta pintatzea; egitura eraberritzeko konponketak (forjatuak, karga-hormak, portikoak edo zimendatzeak, segurtasuna zaintzeko) eta eraikinen ikuskapen teknikoak eta erabilera eta mantentze planak egitea.

Laguntza hauen inguruko informazio eta aholkularitza Enparan kaleko Etxebizitza Bulegoan jaso dezakete herritarrek. Eskaerak, berriz, urriaren 31ra arte Etxebizitza Bulegoan bertan eta udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan aurkez daitezke.

Eskaera orriak eta informazio guztia