Urte Zahar gauean suziri edo artefaktu piroteknikorik ez botatzeko eskatzen die Udalak herritarrei
2019/12/30
2019. urtearen bukaerara iritsi gara, eta familiarekin eta festa giroko egunak bizi ditugu. Egun hauetan ere arduraz jokatzeko eskatzen die Udalak herritarrei.
Herritar bakoitzaren erantzukizuna da, batez ere, Urte Zahar gauean suziri, bengala edo gisa horretako suzko artefaktuak ez botatzea. Herriko etxe ugari egurrezkoak dira eta edozein txinpartak oso egoera larria sor dezake. Horrez gain, hainbat herritarri sor dakiokeen beldur eta egonezinaz gain, animaliak ere aztoratu egiten direla gogorarazi nahi du Udalak. Beraz, suziririk ez botatzeko deia egiten du.
Hala ere, artefaktu piroteknikoak botatzeko asmoa dutenei gogorarazi nahi zaie baimena behar dutela eta hori Ertzaintzan eskatu behar dela, Eusko Jaurlaritzaren Barne Sailaren eskumena delako.
Arduraz jokatuz eta ondo ospatuz hasi dezagun urtea. Urte berri on!
