Itzulpen automatikoa / Machine translation

Zabalik dago Kirol Sarietarako hautagaiak aurkezteko epea

2024/10/30
Zabalik dago Kirol Sarietarako hautagaiak aurkezteko epea

Azpeitiko Udalak, Kirol Mahaiaren lankidetzarekin, Kirol Sariak banatuko ditu abenduan, eta hautagaiak aurkezteko epea zabaldu du. Azaroaren 13ra arteko epea izango dute herritarrek beren proposamenak egiteko.


Hiru sari banatuko dira: Urteko Kirolaria Saria gizonezkoen eta emakumezkoen kategorietan eta Urteko Boluntarioa Saria (norbanakoa edo taldea izan daiteke). Proposamenak egiteko, galdetegi hau bete behar da: https://forms.gle/FfyYPaQrKcQGkCTF7

Jasotako hautagaiekin zerrenda bat osatuko du udalak, eta, horren ostean, botoa emateko epea zabalduko du: azaroak 18tik azaroaren 25era. Bi bide izango dituzte herritarrek botoa emateko: igerilekuan eta kiroldegian jarriko diren postontzien bidez edo udalaren webgunean jarriko den galdetegia beteta.

Sari banaketa eta erakusketa, abenduaren 20an

Aurreko urteetan, larunbat eguerdiz egin izan da Kirol Sariak banatzeko ekitaldia; aurten, ordea, Santo Tomas bezperan izango da, hau da, abenduaren 20an, 19:00etatik aurrera, Sanagustin kulturgunean.

2000. urtean hasi zen Azpeitiko Udala Kirol Sariak ematen, eta 2020. urtean ez beste guztietan eman ditu (urte horretan, COVIDagatik ez zen egin ekitaldia). 25 urte hauetan banatutako sariak Mikel San Juan tailugileak egin ditu, eta abenduaren 20an bertan, erakusgai egongo dira Sanagustinen.