Zuhaitzak hondatu eta moztu dituztela Goenan salatu nahi du Udalak
2019/11/13
Azpeitiko Udalak duela zenbait egun Goenako zelaian hainbat zuhaitz moztuta edo hondatu eta botata bilatu zituen. Hasiera batean, ekaitzaren eta haize bolada handien eraginez erori zirela uste izan zuten. Adituak bertaratu zirenean, ordea, zuhaitzak moztuta eta nahita hondatuta zeudela ohartu ziren.
“10 bat zuhaitz moztu eta hondatu dituzte. Gainera, zuhaitz horiek Zuhaitz Egunean herritarrek sartutako zuhaitzak dira. Azpeitiko Udalak arreta berezia jartzen dio berdeguneen zaintzari eta herritarrak gai horren inguruan sentsibilizatzeko egiten da Zuhaitz Eguna. Auzolana eginez, herrian ditugun berdeguneak balioan jartzen saiatzen gara, ekintza polita izaten da. Argi adierazi nahi dugu horrelako ekintzen ez dutela gure herrian lekurik”, adierazi du Aitor Bereziartua Ingurumen zinegotziak.
Zuhaitz batzuk indarrean botata agertu dira, eta beste batzuk zerrarekin moztuta. Azpeitiko Udalak zuhaitz horiek ordezkatuko ditu, baina datorren urteko Zuhaitz Egunera arte itxarongo du horretarako: “Urtearen hasiera izaten da zuhaitzak landatzeko sasoirik egokiena, eta itxaron egingo dugu. Hala, datorren Zuhaitz Egunean ordezkatuko ditugu”, zehaztu du.
