- Parekidetasuna
- Ongizatea
Iparrizar, indarkeria matxista bizi dutenei arreta integral eta diziplinartekoa eskaintzen dien zerbitzua
2025/11/24
Azpeitiko Udalak indarkeria matxistaren aurrean erantzun eraginkorragoa eta koordinatuagoa emateko duten konpromisotik eta borondate politikotik sortu da Iparrizar zerbitzua. Indarkeria matxistaren ikuskera zabal bati heltzen dio, eta prebentzioa, esku-hartzea eta erreparazio politikak hartzen ditu barnean.
Berez, urtarriletik dago martxan, eta indarkeria matxista kasuei arreta egokiagoa eta eraginkorragoa emateko balio duela frogatu ostean, gaur goizean aurkeztu dute, Basazabal jauregian. Miren Arrieta Parekidetasun batzordeburuak, Malen Aldalur Parekidetasun teknikariak, Anartz Toledo udaltzainburuak eta Ana Novoa Emakumeen Txokoko teknikariak eman dituzte azalpenak, baina han izan dira Gizarte Zerbitzuetako, Udaltzaingoko eta Parekidetasun Saileko zinegotzi eta langileak ere.
Hain zuzen, Gizarte Zerbitzuen, Udaltzaingoaren eta Emakumeen Txokoaren (Parekidetasun Saila) artean sortutako zerbitzua da Iparrizar. Hari esker, indarkeria matxistaren biktima den pertsona batek, hiru zerbitzu horietako edozeinetara joanda ere, bere esku izango ditu indarkeria matxistari aurre egiteko dauden udal baliabide guztiak; gainera, betiere emakumeak baimena ematen badu, sail bakoitzeko profesional espezializatuek etengabeko koordinazioan lan egingo dute; hau da, elkarlanean egingo dute kasuaren lanketa iraunkorra.
Hiru ezaugarri nagusi ditu zerbitzuak:
- Diziplinarteko lantaldea. Ertz ugari ditu indarkeria matxistak, eta Emakumeen Txokoko teknikariak, gizarte langileak eta udaltzainak elkarrekin aritzeak hainbat ikuspegi aintzat hartzea ahalbidetzen du, eta emakumearen ahalduntzea eta ikuspegi feminista txertatzea errazten ditu.
- Birbiktimizazioa ekiditea. Pertsona bat Iparrizar zerbitzura sartzen denean, hiru sarbideetako edozeinetatik, behin bere egoera kontatuta, profesionalak beraiek arduratuko dira biktimari erraztasun guztiak jartzeaz, bere kasua behin eta berriro kontatu beharrik izan ez dezan. Beharrezko hitzorduak ere zuzenean emango zaizkio. Behar izanez gero, profesionalak beraiek mugituko dira espazioz edo zerbitzuko erabiltzaileei lagundu egingo zaie behar duten tokira joaten.
- Erreparatzailea. Erabiltzailea zerbitzura sartzen den une beretik prozesua erreparatzailea izateko ahalegina egingo da. Horretarako, emakumearen denborak, espazioak eta bere nahiak zainduko dira uneoro. Arreta goxoaegitea lehenesten da, konfidentziala, gertukoa eta koordinatua. Indarkeria matxista kasuetan, beharrak asko aldatzen dira unean-unean: laguntza eskatu behar denean, salaketa jartzerakoan, prozesu judizialak iraun bitartean eta ondorenean... Une bakoitzeko beharretara egokitzen da zerbitzua.
Azpeitiko Udalak, besteak beste, baliabide hauek eskaintzen ditu indarkeria matxista jasan dutenentzat, doan, eta gehienak herrian bertan: aholkularitza juridiko eta psikologikoa; salaketa jartzeko aukera; lanketa kolektiborako espazioak; bidelaguntza zerbitzuak; sexualitate, genero eta bikote aholkularitza; dirulaguntzetara sarbidea...
Indarkeria matxistari aurre egitea prozesuak luzeak eta nekezak izan ohi dira, jira-buelta handikoak. Iparrizarren helburua da bide hori egitea erraztuko dion lantalde oso bat jartzea indarkeria matxista jasan duen pertsonaren eskura, eta, horretarako, aski izatea ate bat jotzea gainerako guztiak ere irekitzeko. Iparrizarren erabiltzaile izateko, ez da beharrezkoa salaketa jartzea, eta erabiltzaile izateak ere ez du esan nahi salaketa jarri beharko denik gerora.
Kasu hipotetiko baten bidez azaldu dute zerbitzua:
“Demagun, Emakume Txokora etorri dela emakume bat indarkeria matxista jasaten ari dela esanez. Goxo jaso ahal izateko prestatu dugun gelara joango gara, eta bertan, zer gertatzen zaion galdetuko zaio. Behin egoera kontatuta, Emakumeen Txokoko teknikariak Iparrizar zerbitzuak nola lan egiten duen azalduko dio, eta beharrezkoa balitz, informazioa beste profesionalekin partekatzeko baimena eskatuko dio. Demagun baimena ematen duela, eta bere egoera dela eta Gizarte Zerbitzuetara bideratzea ezinbesteko ikusten dela. Kasu horretan, Emakumeen Txokoko teknikariak zuzenean emango dio hitzordua dagokion gizarte langilearekin. Gizarte langileak lehen hitzordua Emakumeen Txokoan bertan egiteko aukera eskainiko zaio, edo alderantziz, Gizarte Zerbitzuetara lagunduko zaio. Gauza bera sarbidea Udaltzaingotik edo Gizarte Zerbitzuetatik egiten bada ere.
Kasu berberarekin jarraituz, demagun salaketaren aukera mahai gainean jarri duela uneren batean. Babesa zerbitzuko (indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak eta adingabeak artatzeko eta babesteko Udaltzaingoaren zerbitzua) udaltzainari jakinaraziko zaio, eta Gizarte Zerbitzuetara edo Emakumeen Txokora joango da, prozesuari eta salaketa jartzeari buruzko azalpenak ematera. Gainera, aholkularitza juridikorako hitzordua ere eskainiko zaio salaketa jarri aurretik informazioa ahal izateko. Bestalde, salaketa hartzeko unean ere, hala nahiko balu, gizarte langilea ere ondoan izango du emakumeak. Behin salaketa jarrita, eta beti ere hala nahi badu, bere babesa ziurtatzeko jarraipena egingo zaio Udaltzaingotik, eta bere ongizatea lantzeko asmoz, Emakumeen Txokotik zein Gizarte Zerbitzuetatik eskuragarri dauden zerbitzuetara sarbidea erraztuko zaio: aholkularitza psikologikoa, indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeentzako taldea, Emakumeentzako Jabetze Eskolak...".
Informazio gehiago nahi dutenek honako telefono hauetara dei dezakete:
- Gizarte Zerbitzuak: 943157192
- Emakumeen Txokoa: 688751000
- Udaltzaingoa: 092
