Machine translation

Zaintza Mahaian parte hartzera animatu nahi ditu herritarrak udalak

2026/02/10
Zaintza plana diseinatzea da hurrengo lana; hau da, zaintzen arloan zer ekintza zehatz egin nahi diren erabakiko da.
Zaintza Mahaian parte hartzera animatu nahi ditu herritarrak udalak

Zaintzen errealitatearen diagnostikoa amaituta eta herriratuta dago; Zaintza Mahaia ere eratuta dago; herriko zaintza esperientziak partekatzeko aukera egon da; eta kanpoko esperientzia inspiragarri batzuetako ordezkariak ere izan dira Azpeitian. Horrekin batera, kafe tertulia, hitzaldi eta abarrak antolatu dira. Orain, fase erabakigarria dator: zaintza plana diseinatzeko momentua da.

Azpeitia herri zaintzaile izateko helburuari jarraituz, zaintza plan hori izango da datozen urteetan jarraitu beharreko bide orria. Funtsean, ekintza plan bat osatuko da orain; hau da, datozen urteetan zaintzen arloan zer gauza zehatz egin nahi diren jasoko da plan horretan.

Zaintza Mahaia arduratuko da lanketaz. Mahaia sortuta dagoen arren, ahalik eta ahots gehien biltzea nahi da; horregatik, mahai horretan parte hartzera animatu nahi ditu herritarrak udalak.

Zaintzei buruzko interesa duen edonork parte har dezake Zaintza Mahaian, ez da aparteko ezagutzarik behar

Ez da aparteko ezagutzarik behar, zaintzei buruzko interesa izatea nahikoa da. Izan ere, herritarren beharrei erantzungo dien plan bat egin nahi da, eta, horretarako, ahalik eta ordezkaritzarik zabalena komeni da.

Zaintza Mahaiaren hurrengo bilera otsailaren 18an (asteazkena) izango da, 12:00etan, San Martin egoitzan. Informazio gehiago nahi dutenek Gizarte Zerbitzuen bulegora jo dezakete, telefonoz dei dezakete (943 15 71 92) edo mezu bat bidal dezakete gizarte@azpeitia.eus helbidera. Era berean, bilerara joaterik izan ez arren ekarpenak egin nahi dituztenek ere bide horiek erabil ditzakete beren proposamenak egiteko.