‘Gipuzkoa mugituz’, jarduera fisikoaren bidez zahartze osasuntsua sustatzeko zazpi asteko liga birtuala
2026/10/22
Wellk aplikazioaren bidez, parte-hartzaile bakoitzak zein udalerri ordezkatu nahi duen aukeratu ahal izango du, eta bere jarduera fisikoaren bidez udalerri horren sailkapeneko emaitzak hobetzen lagundu. Ez da beharrezkoa izango aukeratutako udalerrian erroldatuta egotea: edonork eman ahal izango du izena lotura berezia sentitzen duen udalerriaren taldean, eta kilometroak erregistratu ahal izango ditu edozein lekutatik, udalerriaren barruan zein kanpoan.
Erronkak irauten duen bitartean pilatutako kilometro aktiboak puntu bihurtuko dira udalerri bakoitzarentzat. Lehia ahalik eta orekatuena izan dadin, bi koefiziente hartuko dira kontuan sailkapena osatzeko. Batetik, jarduera fisiko motaren araberako ponderazioa aplikatuko da, egindako ahalegina puntuazioan islatu dadin: oinez edo igerian egindako kilometro batek bizikletaz egindako batek baino balio handiagoa izango du. Bestetik, udalerri bakoitzeko biztanle kopuruaren araberako koefizientea ere aplikatuko da, udalerri txikiek handiekin lehia-baldintza orekatuagoetan aritzeko aukera izan dezaten.
Horrela, udalerri bakoitzak lortutako parte-hartzea eta inplikazioa aitortu nahi dira, biztanle kopurua edozein dela ere, Gipuzkoako edozein udalerrik liga irabazteko aukera izan dezan.
Oinez ibiltzea, korrika egitea, bizikletan ibiltzea, igeri egitea eta GPS bidez neurtu daitezkeen lekualdaketak dakartzaten beste jarduera batzuk erregistratu ahal izango dira. Horrez gain, parte-hartzea eta egindako ahalegina aitortzeko pizgarriak ere izango dira. Besteak beste, parte-hartzaileen artean zozketa bat egingo da, argitaratuko diren oinarrien arabera, eta 55 urtetik gorako herritarren parte-hartze handiena lortzen duen udalerriak berariazko aitortza jasoko du.
Aplikazioa
Parte hartzeko, Wellk aplikazioa erabili beharko da, iOS eta Android gailuetan eskuragarri dagoena. Erronkan parte hartu nahi dutenek lau urrats hauek egin beharko dituzte:
- Wellk aplikazioa gailuaren aplikazio-dendatik deskargatu.
- Erregistratu eta erabiltzaile-profila sortu.
- Norberaren udalerriaren taldean sartu. Horretarako, aplikazioaren hasierako pantailan ‘Gipuzkoa Mugituz 2026’ txartela bilatu, «Bat egin» sakatu eta ordezkatu nahi den udalerria aukeratu behar da.
- Jarduera fisikoa aplikazioaren GPSaren bidez erregistratu edo Wellk aplikazioa gailu eta zerbitzu bateragarriekin sinkronizatu. Besteak beste, Garmin, Polar, Strava, Fitbit, Apple Health eta Health Connect zerbitzuekin bateragarria da.
Erregistroa osatu ondoren (dagoeneko egin daiteke), parte-hartzaileek kilometroak pilatu ahal izango dituzte erronkak irauten dituen zazpi asteetan. Parte-hartzea errazteko, informazio materialak eta aplikazioa erabiltzeko jarraibideak jasotzen dituen tutorial bat jarriko dira herritarren eskura. Zalantza teknikoak argitzeko, wellk@wellk.eus helbidera idatzi edo www.wellk.eus webgunea kontsultatu ahal izango da.
Gogoratu behar da, iaz, Araba,Bizkai eta Gipuzkoako udalerriei zuzendutako Mugiment Pausu Erronkarekin bat egin zuela Azpeitiak, eta txapeldun geratu zela.
