Machine translation

Garmendipeko futbol zelaian, aldagelentzako  eraikin berria egingo du udalak

2026/10/07
Bi solairuko eraikina izango da, eta taldeentzako zortzi aldagela, epaileentzako bi aldagela, biltegi bat eta bi komun izango ditu.
Garmendipeko futbol zelaian, aldagelentzako  eraikin berria egingo du udalak

Garmendipeko futbol instalazioak hobetzeko asmoz, Azpeitiko Udalak aldagelentzako eraikin berri bat egingo du, goiko eta beheko belar artifizialeko zelaien artean. Bi solairutan banatuko da, eta solairu bakoitzak 200 metro karratuko azalera izango du. 

Behean, taldeentzako lau aldagela egingo dira, eta materiala gordetzeko biltegi bat. Goian ere lau aldagela joango dira, eta horrez gain, epaileentzako bi aldagela eta ikusleentzako edo gainerako erabiltzaileentzako bi komun, barruan bina komun itxirekin.

Tamainaz, ia berdinak izango dira goiko zein beheko aldagelak, hau da, 35 metro karratu ingurukoak. 25 jokalarirentzat pentsatuta daude, eta takilez gain, bederatzi dutxa eta bi komun itxi izango dituzte. “Garmendipeko instalazioak hobetzeko pauso bat da hau. Herriko bi futbol taldeekin hitz egin ostean, aldageletan ikusten zuten premiarik handiena, eta eraikin berri honekin, behar horri erantzun nahi izan diogu”, azaldu dute Ion Oteiza Kirol batzordeburuak eta Joanes Amenabar Hirigintza batzordeburuak.

1,5 milioiko inbertsioa

1,5 milioi euroko (+BEZ) aurrekontua du proiektuak, eta Udalbatzak atzo onartu zuen proiektua finantzatzeko beharrezkoa den kreditu aldaketa. “Gure asmoa da azaroko bigarren hamabostaldian ateratzea proiektua lizitaziora”. Eraikin berria egin bitartean, gaur egungo aldagelak erabili ahal izango dituzte taldeek, eta ez da aurreikusten lanek eragozpen berezirik sortzea. Eraikina egitearekin batera, eskailerak ere egingo dituzte goiko eta beheko futbol zelaien artean, baita aldapa bat ere, gunea irisgarria izateko.

Horrez gain, energia eraginkortasunean ere aurrerapausoak emango dira, eta eraikinaren sabaian eguzki plakak jarriko dituzte. Aerotermia sistema erabiliko da berokuntzarako. 

“Kirol instalazioak hobetzen jarraitzea da gure helburua, eta proiektu honekin futbol taldeei gaur egun dituzten beharrei erantzuteko eta datozen urteetarako azpiegitura egokiagoa eskaintzeko beste urrats bat emango dugu”, azaldu dute zinegotziek.