Azpeitiko zaintza erronkei erantzun nahi dien plana aurkeztuko dute bihar
2026/11/23
Zahartzen ari da Azpeitia. Aurreikuspenen arabera, 2031n, lau azpeitiarretik batek 65 urte baino gehiago izango ditu; 80 urtetik gorakoak %39,7 gehiago izango dira; eta mendekotasunen bat dutenak %32 gehiago. Zaintzaile potentzialen tasa, berriz, %18 jaitsiko da. Deskribatutako panorama horrek zaintza beharrak handitzea ekarriko du, eta horiei erantzuteko asmoz osatu dute Azpeitiko Udalak eta Zaintza Mahaiak, elkarlanean, Azpeitiko Zaintza Plana. Bihar, asteartea (azaroak 24), aurkeztuko dute, 18:00etan, Azoka Plazako aretoan (1. solairua). Herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera.
Duela urte eta erdi inguru hasitako lanketa baten emaitza da Zaintza Plana. Herriko hainbat eragilerekin harremanetan jarri zen udala, elkarlanerako bide bat abiatzeko, eta horrela sortu zen Zaintza Mahaia. Zaintzaren inguruko ikuspegi, esperientzia eta errealitateak mahai beraren bueltan partekatzeko espazio bat da, eta aldiro biltzen da.
Zaintza Plana egin ahal izateko, lehenik eta behin, diagnostiko bat egin da, eta horretarako, besteak beste, 233 galdetegi jaso eta 52 pertsona elkarrizketatu dira (profesionalak, zerbitzu-hornitzaileak, zaintzaileak, komunitateko eragileak eta zaintza jasotzen duten pertsonak). Jasotako ekarpen eta ondorioetatik abiatuta, 15 erronka identifikatu dira, eta horiei erantzuteko lan ildoak eta ekintza proposamenak landu dira.
Hain zuzen ere, emaitza baino gehiago, bide orria izan nahi du planak. Hau da, plan bizia izango da, unean uneko beharretara egokitzen joango dena. Biharko aurkezpenena ere, epe labur eta ertainean garatu nahi diren zenbait proiektu konkreturen berri emango da: besteak beste, egoitza zentro berriaren proiektuaren gaur egungo egoera, eguneko arreta zerbitzua, babesgune klimatikoak, Etxekolan programa eta komunitateko zaintza sareak indartzeko ekimenak azalduko dituzte udal ordezkariek eta Zaintza Mahaiko kideek.
