Itzulpen automatikoa / Machine translation

Gizarte-bazterkeriako eta behar larriko egoerei aurre egiteko norbanako eta familientzako udal-laguntza

Gizarte-bazterkeriako eta behar larriko egoerei aurre egiteko norbanakoei eta familiei emango zaizkien udal-laguntzetarako 2024ko deialdia eta hura arautuko duten oinarriak.

2023-2027 legegintzaldian Azpeitiko Udalak izango duen lan-ildoetako bat ekonomia-krisiak norbanakoei eta familiei sortutako beharrei aurrea hartu eta erantzutea izango da.

Norbanakoen bazterkeria egoerak nahiz gizarte- eta lan-arloko bazterkeria egoerak arintzeko, eta herritarren gizarte-eskubideak benetan baliatzeko behar adina baliabide pertsonal, sozial edo ekonomikorik ez dutenen gizarteratzea errazteko, Azpeitiko Udalak norbanakoentzako zein familientzako udal dirulaguntza sistema bat arautu eta zabaldu nahi du.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 6. artikuluan adierazten da herritar guztien gizarte-ongizatea sustatzea dela Gizarte Zerbitzuen Euskal sistemaren helburua, beste sistema eta politika publiko batzuekin lankidetzan eta koordinatuta, eta funtsezko helburuak hauek direla:

  1. Autonomia pertsonala sustatzea eta mendekotasunak eragindako beharrizan pertsonalak eta familiakoak prebenitzea eta horiei erantzutea.
  2. Babesgabetasun-egoerek eragindako premiei aurrea hartzea eta erantzutea.
  3. Bazterkeria-egoerei aurrea hartzea eta erantzutea, eta pertsonen, familien eta taldeen gizarteratzea sustatzea.
  4. larrialdi-egoerek eragindako beharrizan pertsonalei eta familiakoei aurrea hartzea eta erantzutea.

Hori dela-eta, abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 16. artikuluak esaten du Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren berezko prestazio ekonomikotzat hartzen direla gizarte-larrialdiko, gizarte-premiazko edo babesgabetasunezko egoerek eragindako ondorio ekonomikoak estaltzera edo leuntzera zuzendutakoak.

“Larrialdirako laguntza” kontzeptuaren funtsa, hain zuzen ere, une jakin batean (denbora-epea) eta norberaren borondateaz besteko edo aparteko arrazoiak eraginda sortutako baliabide ekonomikorik gabeko edo gutxiko egoera artatzeko premia larria da.

Beraz, ezusteko gertaera batek edo aldizkako prestazio ekonomikoen ondoriozko baliabide ekonomiko urriek sortutako larrialdiko egoera ekonomikoak estaltzean datza. Udalak norbanakoei eta familiei emango dizkien dirulaguntzak premiazko gabezia eta gabetasunak biltzen dituzten egoerak saihesteko baliabide aringarri modura erabiliko dira.
Udalaren dirulaguntza bat emateak gizarte-diagnostiko batean oinarritua egon behar du, hau da, larrialdi izaera duen premia-egoera ziurtatzen duen preskripzio tekniko batean, eta betiere baliabide ekonomikoen gabeziak eragindako gizarte bazterketako egoeren prebentzio gisa hartuko da.

Horregatik guztiagatik, beraz, honako erabaki honen bidez gizarte-baztertze eta/edo behar egoera larrian dauden egoerak leuntzeko norbanakoentzako eta familientzako laguntzak emateko dirulaguntzak ematea arautuko duten oinarriak onartzen dira.

Laguntza hau Udalaren 2023-2025 Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartzen da. Plan hori 2023ko martxoaren 1ean GAOn argitaratu zen. Deialdi honek honako hauei erantzuten die: apirilaren 7ko 2/2016 Legea, udal-eskumenari buruzkoa, 17. artikuluko 13. puntua, gizarte-zerbitzuak antolatzeari, planifikatzeari eta kudeatzeari buruzkoa; 14. puntua, diru-sarrerak bermatzeari eta gizarteratzeari buruzko antolamendua, programazioa eta kudeaketa; eta 85/2018 Dekretua, ekainaren 5ekoa. Larrialdietarako laguntzei buruzko dekretuaren bigarren aldaketa, 14/2022 Legea, abenduaren 22koa, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemari buruzkoa, eta 2024ko martxoaren 27koa, gizarte-larrialdietarako laguntzei buruzko Agindua.

Horiek horrela, legeak aitortzen dizkion eskumenen baitan, Alkatetzak 2025eko ekainaren 20an emandako Ebazpenaren bidez dirulaguntza hauen oinarriak eta 2025eko deialdia onartu zituen.