Itzulpen automatikoa / Machine translation

Merkataritza

 

Asteartetako azokan guztira 34 ekoizlek jartzen dute postua. Urola kostakoak dira gehienak, nahiz eta Gipuzkoako beste eskualdetatik eta Bizkaitik ere etorri. Ostiral arratsaldeetan 10 ekoizlerekin osatutako azoka izaten da. Ostegun goizetan, ostiral goizetan eta larunbat goizetan ere aurkitu ahal dira ekoizleak azokan bertako eta garaiko produktuak saltzen.

Ekoizle hauetatik guztietatik azpeitiarrak 15 dira. Azpeitiko azokan etxeko otarra osatzeko produktuak aurki daitezke: barazkiak, frutak, landareak, lore moztuak, eztia, esnekiak (ardi esnearekin nahiz behi esnearekin eginikoak): jogurtak, gazta: urdina, idiazabal jatorrikoa, gazta biguna, ardi eta behi esnea nahastutakoa…, izozkiak, petixuak…, ogiak: txuria, espelta, zekalea…, madalena, pastak, txerrikiak, kontserbak: tomate-saltsa, marmelada, irasagarra, sagar dultzea, sagar zukua, arrautzak…

Azokak tradizio luzea du Azpeitian, Lehen aipamena 1595 urteko otsailean aurkitu daiteke liburuetan; orduan azoka ostegunetan egiten zen. 1789 urtean hasi zen asteartetan egiten. Modu honetan, Azpeitiko azoka handitzen joan zen urtez urte eta “itxurazko” toki bat izateko helburuarekin, lehen azoka estalia eraiki zuen Udalak. 1889 urtean hartu zuten erabakia, 1901 urtean amaitu zituzten eraikitze lanak eta 1902an arautu zen erabilera. Eraikin estaliak are eta indar handiagoa eman zion Azpeitiko azokari, eta azoka plaza berria egitea erabaki zuen Udalak 1968. urtean, “zaharra txikiegia geratu” zelako. Eraikin zaharra eraitsi eta bi pisuko berria egitea adostu zen. Bigarren azoka hau, 1972. urtean inauguratu zen.

Azkenik, gaur egungo azoka 2017an amaitu zen. Lehen sektorearen motorra izateko helburuarekin berritu da eraikina, estruktura berdina mantenduta, eraikin berria, argitsua eta erabilera anitzekoa da. Bertako produktuak balioan jarri, eta bertakoa saltzeko eta erakusteko leiho dotore eta erosoa eskaintzeaz gain, herritarren bilgune ere bada. Bertako eta garaiko produktuekin osatutako, plaza irekia da gaur egun Azpeitiko Azoka Plaza.

Urkomeren webgunean duzu informazio osagarri guztia: www.urkome.eus.

Euskal Herriko elikagaien topagunea. Euskal Herriko elikagaiak sustatuz eta kontsumo eredua eraldatuz, lehen sektorea indartu nahi duen proiektu kooperatiboa.

Ikus informazio gehigarria Elikaguneren webgunean: www.elikagunea.eus.

Zestoako Iraeta auzoko Amillubi baserria eta haren lur eta basoak modu kolektiboan erosita, bi helburu nagusi lortu nahi ditu proiektuak: alde batetik, elikadura burujabetza estrategia iraunkor eta jasangarriaren alde egitea, nekazaritza ondasunak babestuz eta elikagaien ekoizpen ekologikora bideratuz; bestetik, berriz, lehen sektoreko erreleboaren lanketarako baldintza duinak sortzea eta lanpostuak sortzeko proiektuak garatzea.

Ikus informazio gehigarria Amillubiren webgunean: www.amillubi.eus.

Azpeitiko Merkatarien Elkartea da Bertan. Udalerriko merkataritzaren garapena bultzatzea du helburu.

Azpeitiabertan.eus webgunean aurkituko duzu informazio osagarria: www.azpeitiabertan.eus.