Itzulpen automatikoa / Machine translation

Airearen kalitatea

Zer neurtzen du Azpeitiko neurketa estazioak?

Azpeitiko neurketa estazioak airearen kalitateari buruzko araudiak ezartzen dituen kutsatzaileak aztertzeko eta neurtzeko sentsoreak ditu; hala nola, nitrogeno oxidoak (NO, NO2 eta NOX), ozono troposferikoa eta partikula esekiak (PM10 eta PM2.5).

Nitrogeno oxidoak (NOx) nitrogenoa eta oxigenoa duten gas-talde bat dira, hala nola oxido nitrikoa (NO) eta nitrogeno dioxidoa (NO2). Airearen kutsatzaileak dira, batez ere tenperatura altuko errekuntzan sortzen direnak, ibilgailuen motorretan eta energia-instalazioetan, esaterako.

Azpeitiko datuak kontsultatu nahi badituzu, Eusko Jaurlaritzaren webgunean dituzu.

Nola kontrolatzen da arnasten dugun airea?

Eusko Jaurlaritzak airearen kutsadura zaindu eta kontrolatzeko duen sare automatikoaren bidez jasotzen du Azpeitiko Udalak arnasten dugun airearen egoeraren berri. Izan ere, sare horren neurgailu bat Azpeitian kokatuta dago.

Neurgailuak etengabe aztertzen du airearen kalitatea, 24 orduz, urteko 365 egunetan. Aire-giroaren lagin bat hartzen du eta aztertu egiten du 10 segundotik 15 minuturako tarteetan, aztertu beharreko kutsatzailearen arabera.

Kutsadura atmosferikoaren eragina

Kutsadura atmosferikoak eragin kaltegarriak izan ditzake herritarren osasunean, ingurumenean eta baita klima aldaketan ere.

Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) azken kalkuluen arabera, mundu osoko hirietako eta landa-eremuetako kutsadura atmosferikoak zazpi milioi heriotza goiztiar eragiten ditu urtero, eta horietatik 400.000 baino gehiago Europan gertatzen dira.

Partikula esekiak dira osasunerako arrisku gehien duten kutsatzaileak, batez ere 2.5 µm baino gutxiagoko partikulak, arnas sisteman zehar sakonago sartu baitaitezke.

Ozonoak ere arnasketa-arazoak eragin ditzake, eta birika-funtzioa murriztu.

NO2-arekiko esposizioak aldaketak eragiten ditu arnasbideetan eta biriken funtzio zein egituran, bereziki gizarteko talde ahulenetan (asmatikoak, BGBK).