Itzulpen automatikoa / Machine translation

Ondare naturala

Informazio guztia Izarraitz Natura 2000 webgunean aurkituko duzue.

Herrietako zuhaitzek berebiziko garrantzia dute geroz eta artifizializatuagoak diren eremu gris eta gogorren kontrapuntu gisara. Izatez landatutako azalera urbanoak proportzionalki eraikitako azalerak baino handiagoak beharko lukete baina aurreko mendean zehar garatutako hirigintza ereduak ibilgailuen mugimenduari eman izan dio garrantzia eta ondoren lurpeko instalakuntzei, berdeguneen azalera eta lurren hedadura oso mugatuta utziz.

Berdeguneek herri bateko biztanleentzako funtzio estetikoetatik haratago dauden onurak dakartzate izan ere pertsona guztiok behar ditugu naturguneek eskaintzen dituzten onurak.

Berdeguneen baitan zuhaitzek beharko lukete nagusitasuna. Naturari hirigunean sarbidea eta ikusgarritasuna ematen dioten eskultura biziak ditugu. Izaki bizidun hauek gainerako landareek baino gaitasun handiagoa dute airea garbitzen, filtratzen eta hezetzen, zarata gutxituz eta gune itogarrienetako tenperaturak eta poluzioa murrizten lagunduz.

Hau guztia kontutan izanik, Azpeitiko Udalak herriko zuhaitzen inbentarioa egin du. Proiektu hau baliagarria izan da herriak duen landarediaren panorama aztertzeko; besteak beste, espezie aniztasuna, itzalik handiena ematen duten zuhaitzen lokalizazioa eta landatu berrien kopurua.

Ondorioz egin den lan horren bidez etorkizun hurbil batean herritarren babesguneak diren zuhaizpeen gestioa, balorea, osasuna, heldutasuna zein berezitasuna hobetzen lagunduko du ikuspegi oso batetik eragite konkretuagoak ahalbidetuz (arriskuak identifikatu, kimaketak programatu, ale berezien ibilbideak plazaratu, herritarren parte hartzea ahalbidetu…).

Burutu den lan honetatik atera diren nabarmentzeko datu orokorrak honakoak dira:

  • Orotara 3.480 zuhaitz erregistratu dira herrigunean.
  • Hauetatik 773 ale udal kudeaketatik kanpo daude (partikularrak edo Urola ibaia).
  • 2.677 zuhaitz Azpeitiko Udalaren kudeaketaren esku daude.
  • 148 zuhaitz espezie ezberdin identifikatu dira.
  • 31 zuhaitz espezie hosto iraunkorrekoak dira eta gainerakoak hosto erorkorrekoak.
  • Palmondo gutxi daude 4 bat espezie identifkatu dira. 
  • Aniztasun horren barruan aleen %33-a platanondo eta aligustreek osatzen dute.

Landareak

Bioaniztasunaren kontserbazioaren esparruan, gaur egun, espezie arrotz inbaditzaileen aurkako borroka da lan-ildorik nagusienetarikoa. Zentzu horretan, Azpeitiko Udalak hainbat landare inbaditzaile espezieren identifikazio eta erradikazio lanak egin ditu.

Fallopia japonica

Jatorriz Asia ekialdekoa da, Japon, Korea eta Txinakoa. Espezie exotiko inbaditzaile kaltegarrienetako bat da. Euskal Herrian ibai ertz zein bide bazterretan hazten da. Komunitate zerratuak sortu ohi dituzte, erriberako gainerako espezieak kanporatuz, ibaiaren berezko landaretza naturala birsortzea eragotziz eta ekosistemaren dinamika nabarmen aldaraziz. Oso azkar garatzen da. Kalte ekologikoez gain, galera ekonomiko handiak ere eragiten ditu landare honek, ibai eta kanaletako isurbide-gaitasuna murriztu eta eraikuntza nahiz obra publikoak kaltetzen dituelako.

Budleja davidii 

Jatorriz Asia ekialdekoa da, Txinakoa. Areka, ezponda eta lurgorrietan hazten da. Hazi kopuru handia sortzen du infloreszentzia bidez eta haizeak erraz zabaltzen ditu horiek. Ebaki edota moztu arren, erraz ernaberritzen da, sustraitik; baita izozteen ondorioz kanpoaldea hiltzen zaionean ere. Hazkunde indartsu horren ondorioz, komunitate itxieta biltzen da, inguruan landaredia urriarekin normalean; ondorioz bertako gainerako espezieen garapena zailtzen du. Azken urteetan izan duen zabalkundea aldaketa klimatikoarekin lotu izan da.

Cortaderia selloana 

Hego Amerikarra da jatorriz eta areka, ezponda, lur mugitu eta sastrakadietan hazten da. Landare exotiko inbaditzaile arriskutsuenetarikoa da mundu mailan. Euskal Herriari dagokionez, alteratutako eremuak kolonizatzen ditu gehienbat. Hala ere, gero eta sarriago aurki dezakegu ondo hartatutako habitatetan, baita balio handiko ingurune naturaletan ere. Bere inbaditzeko gaitasuna areagotu egiten da kostaldean, neguko tenperatura epelen ondorioz gehienbat.

Animaliak

Bisoi amerikarra

Gipuzkoan bisoi europarra Kudeatzeko Plana onartu zenetik, Gipuzkoan bisoi amerikarrak duen presentziaren jarraipena eta kontrola egiteko lana burutzen zen, kontuan izanik espezie horren hedapena dela ziurrenera bisoi europarra kontserbatzeko arrisku handieneko faktorea. LIFE LUTREOLA proiektuarekin bisoi amerikarrak desagerrarazteko lanak indartu egin dira eta oso emaitza onak eskuratu dira hautemateko eta tranpak ipintzeko metodologia berria erabiltzeari esker: plataforma flotatzaileak; plataforma horiekin ehun bisoi amerikar inguru harrapatu dira azken lau urteetan.

Hemen duzue LIFE LUTREOLA proiektuaren baitan landu den bisoi amerikarraren kentze protokoloa.

Liztor beltza

Liztor beltza (Vespa velutina) tamaina handiko liztorra da eta, jatorriz, Asiakoa. Loreen nektarrez, fruta helduz eta harrapatzen dituen erle eta beste intsektu batzuengandik lortzen duen proteinaz elikatzen da. Liztor beltza, gure lurraldean dagoen Europako liztorraren oso antzekoa da. Halare, gorputzaren kolore beltzak eta hanken kolore horiak besteengandik bereizten dute. Udalak liztor beltzaren habien desaktibazio kanpainan parte hartzen du. Liztor beltzaren habia detektatzen baduzu, deitu Udalera eta eta habiak suntsitu eta desaktibatzeko protokoloa martxan jarriko dugu.

Hemen duzue Urkome-k egindako protokoloa (PDF).

Tigre eltxoa

Eltxo beltza eta txikia da (5 mm inguru). Buruan eta toraxean duen marra zuriagatik ezagutzen da. Espezie hau hiritarra da gehienbat. Batez ere egunez aritzen da, eta leku ilunetan ezkutatzen da. Eragozpen handiak sortzen ditu pertsonengan, bere ziztadengatik gehienbat; mingarriak izan daitezke, eta erreakzio bizia eragin. Dengea, Zika edo chikungunya bezalako gaixotasunak eragiten dituzten birusak transmititzen dituzte. Beraz, funtsezkoa da eltxo hau kontrolatzea.