Azpeitiko Udalean energia arloan jarduteko planak
Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legeak energia modu jasangarrian erabiltzearen alde ekitera dei egiten die tokiko euskal administrazio guztiei, eta administrazio horiek bete beharreko obligazio-sorta handi bat ezartzen du.
Obligazio horien artean, Energiaren arloan Jarduteko Plan Orokorra egitea (EJPO) dago; udalak, energia-eraginkortasunari eta energia berriztagarriei dagokienez, haren eraikinetan, argiteria publikoan eta ibilgailuetan 2030. urtera arte, neurri-sorta bat aplikatzeko konpromisoa hartzen du horrela, eta planean jaso behar dira neurriok. 2022 urtean Azpeitiko Udalean energiaren arloan jarduteko plan orokorra zehaztu zen.
EJPO egiteko eta egikaritzeko prozesua osatzeko, badaude legeak ezartzen dituen beste ekintza batzuk; Azpeitiko Udala dagoeneko ari da ekintzok ezartzen, hala nola:
- Eraikinen, ibilgailuen eta argiztatze-instalazioen inbentarioa egitea.
- Eraikin eta energia-iturri guztien hileko kontsumoa eta gastua kontrolatzeko sistema ezartzea.
- Argindar-kontsumoari buruzko orduen araberako datuak eskuratzea eta kontrolatzea.
- 70 kW baino gehiagoko potentzia termikoa duten eraikinetan aldizkako energia-ikuskaritzak egitea.
- Udalaren eraikin guztien energia-ziurtagiria eskuratzea.
- Udaleko langileak energiaren arloan trebatzeko plan bat sortzea.
- Herritarrei zuzendutako komunikazio eta zabalkunderako plana egitea.
Udalaren energia-kontsumoen bilakaera eta banaketa:
- 2021ean, Udalaren energia-kontsumoa 5.768 MWh-koa izan zen (0,38 MWh/bizt.); % 24,4 txikitu zen 2013tik* (7.635 MWh; 0,53 Mwh/bizt.).
- 2020an, COVID-19aren pandemiaren urtean, 5.129 MWh-koa izan zen guztizko kontsumoa (0,34 MWh/bizt.), eta 6.048 MWh-ko kontsumoa erregistratu zen 2019an.
- Oinarrizko urtetik aurrerako bilakaeraren joera orokorrak erakusten du nabarmen murriztu dela energia-kontsumoa sektore guztietan. Argiteria-panela eta Udalaren ibilgailu-flota dira kontsumoa neurri handienean murriztu dutenak (% 34 eta % 30 hurrenez hurren). Eraikinek ere murriztu dute haien kontsumoa: % 21, 2013ko kontsumoarekiko.
Udalaren energia-kontsumoen banaketa, erabileren eta energia-iturrien arabera:
- Eraikinena da Udalaren energia-kontsumo handieneko erabilera (% 72); ondoren daude argiteria-panelak (% 22) eta ibilgailu-flota (% 6).
- Argindarra da (% 58) Udalaren energia-iturri nagusia, 2.647 MWh-rekin 2021ean; bigarren iturria, berriz, gas naturala da (%36), eraikinetan pisu handia duena.
2013a da Azpeitiko EJPOrako hartu den oinarrizko urtea. Horrela, balioa eman nahi zaie urte hartatik gaur egun abian jarritako eta argiteria publikoan eta Udalaren eraikinetan energia aurrezten eta energia modu eraginkorragoan erabiltzen lagundu duten politika eta jarduketei. Halaber, datuen denborazko serie bat (2013-2021) izateko aukera ematen du, Azpeitiko Udalean urte hartatik ezarrita dagoen SIE energia-kudeaketako aplikaziotik datozen iturri homogeneoekin.
Udalaren energia-kontsumoa 7.635 MWh-koa izan zen 2013an. Energia-kontsumoa 2030erako % 35 murriztea eskatzen duen 4/2019 Legearen 16. artikulua kontuan hartuta, 4.963 MWh-koa da 2030erako lortu beharreko kontsumo-bolumena.
2021eko kontsumoa 5.770 MWh-koa izan zela kontuan izanda, 807 MWh-koa da 2022-2030 aldian EJPOren neurrien bitartez lortu beharreko gutxieneko kontsumo-murrizketa.
Bestalde, 4/2019 Legearen 17. artikuluak Udalari eskatzen dio lor dezala bere eraikin guztietan izatea kontsumoaren % 32 hornitzeko energia berriztagarriak aprobetxatzeko behar beste instalazio, aprobetxamendu termikoko sistemak zein sorkuntza elektrikokoak barne. Hortaz, 2030erako 1.085 MWh-koa izan beharko litzateke energia berriztagarrien aprobetxamendurako instalazioek sortutakoa.