Udal euskaltegia
- Ordutegia
- 9:00etatik 17:00etara
- Helbidea
- Perez Arregi plaza 1 - 1 (Sarrera Enparan kaletik)
- Telefonoa
- 943 81 19 47
- Posta elektronikoa
- euskaltegia@azpeitia.eus

Ezin dugu non jaioko garen aukeratu, baina bai nongoak izan nahi dugun. Ez daukagu zertan aberri batekoak izan; izan zaitezke jaio zaren herrialdekoa eta izan zaitezke Euskal Herrikoa, biak batera.
Ezin dugu zein hizkuntzatan heziko gaituzten aukeratu, baina bai zeintzuk ikasiko ditugun, hizkuntzek bai baitute bertute bat: transferigarriak dira. Izan dezakezu zeure hizkuntzaz gain, euskaldunona ere.
Ahal dugu hizkuntzen ezagutza garatu, hobetu, menderatu. Norbere esku dago hori. Zure esku dago.
Azpeitiko Udal Euskaltegian euskara ikasten da. Euskara erakusten dugu. Bertako hizkuntza. Nork ez du maite bere hizkuntza, ezta hala?
Euskarak gauza bat du ona: euskaldun bihurtzen du jendea. Euskaldun hitzak euskara duena esan nahi du. Horregatik gara euskaldunak, geure hizkuntza propioa daukagulako. Guretzat euskara garrantzitsua da. Gure izaeraren parte da. Txikiak gara, gutxi gara, baina garenak gara. Horregatik tematzen gara hizkuntza honekin; horregatik eusten diogu, horregatik hitz egiten dugu euskaraz: mantentzeko gu garena.
Euskara ikasteak ateak zabaltzen ditu egunerokoan, baita lana topatzerakoan ere. Norbanako aberatsagoak izango zarete, eta gizarte aberatsagoa izango gara, elkarrekin indartsuagoak izango gara.
Gu laguntzeko gaude bai euskararik ez dakizun horri, baita jakin eta hobetu nahi duzun horri ere. Euskaltegian, euskara ikasteko baliabide guztiak emango dizkizuegu, lagunduko dizuegu ahal dugun guztian, hasieratik hasiz nahiz dakizuenetik abiatuz. Aurrez aurreko klaseak ditugu, eta online ikasteko ere bai. Bekak ditugu eta doan ikasteko aukera ere badaukagu. Etorri eta izan euskaltegiko familiako kide. Goxo hartuko zaituztegu.
Euskaltegi honetan helduekin egiten dugu lan, baina baita gaztetxoekin ere. Herriko ikastetxeekin elkarlanean aritzen gara etorri berri diren ikasleei euskara erakusten. Harrera-saioak eta Etorkizun izeneko egitasmoen bitartez egiten dugu. Umeak lehenbailehen euskalduntzeko helburua dugu.
Azkenik, euskaltegia Azpeitiko Alde Zaharrean dago, plazatik kalean behera joanda, eraikin polit batean. Ateak zabal-zabalik dituzue nahi duzuenerako.