Bestelako ikastaroak
Tabernak eta jatetxeak euskararen erabilera sustatzeko gune estrategikoak dira, aisialdirako eremu garrantzitsuak.
Euskal ostalaritzak zerbitzu ezin hobea eskaintzen du, baina, tamalez, ez du zerbitzu hori beti euskaraz eskaintzen, sarritan, euskaraz egiteko gai ez direlako bertako zerbitzariak.
Ostalaritzan dagoen behar edo gabezia horri aurre egiteko sortu dugu ikastaroa, bertan lan egiten duenari oinarrizko komunikazioa euskaraz bideratzeko bitartekoak eskaintzeko helburuarekin. Hasierako agurrak egin, eskaintzaren berri eman, bezeroen eskaerak jaso eta labur erantzuteko gai izango da ikastaroa jasotzen duena.
Zaintza-lanetan ari direnek zerbitzu ezin hobea ematen dute, baina, tamalez, ez dute zerbitzu hori beti euskaraz eskaintzen lan horietan ari direnak, sarritan, euskaraz egiteko gai ez direlako.
Zaintza-lanetan dagoen behar edo gabezia horri aurre egiteko sortu dugu ikastaroa, bertan lan egiten duenari oinarrizko komunikazioa euskaraz bideratzeko bitartekoak eskaintzeko helburuarekin.
Hikako tratamenduak gaur egun, oraindik, jarraitzaile asko dituen arren, hitanoaren erabilerak berezkoak zituen esparru batzuetan galzorian dago. Tradiziozko erabilera gorde duen esparru geografikoa murrizten ari da. Emakumezkoen tratamendu motaren (noka) ezagutza eta erabilera maldan behera doa.
Errealitate horrekin kezkatuta eta nolabait horri aurre egiteko helburuarekin sortu dugu ikastaro hau, hitanoa lantzeko ikastaro praktikoa, hain zuzen. Bertan, ariketa praktiko bidez, partaideak elkarri hika arituko dira.
Herriko enpresetako langileek eguneroko lan harremanetan euskaraz egin ahal izateko bitartekoak eskaintzea helburu duen ikastaroa.