Machine translation

15 urtez, emakumeen topagune eta babesgune

2026/09/17
2011ko irailaren 17an zabaldu zituen ateak Azpeitiko Emakumeen Txokoak. 15 urte pasatu dira ordutik. Emakume Txokoa emakume askorentzat topagune, babeserako espazio eta antolatzeko leku bihurtzeko balio izan duten 15 urte. Aurtengo ikasturteak orain arte egindako ibilbidea aitortzeko, egindako lana ospatzeko eta etorkizuneko erronkei elkarrekin balioko du, hainbat ekitaldiren bidez.
15 urtez, emakumeen topagune eta babesgune

Gaur aurkeztu dituzte 15. urteurrenaren harira antolatutako ekitaldiak Leire Sarasua zinegotziak, Ana Novoa eta Ainhoa Aira Emakumeen Txokoko teknikariek eta urteurrena antolatzeko sortu den asanbladako kideek. Asanblada horretan parte hartzen dute Astindu Armayuek taldeko, Azpeitiko Sare Feministako eta ahalduntze eta alfabetatze taldeetako kideek, Emakumeen Txokoko erabiltzaileek eta zenbait norbanakok.

Leire Sarasua zinegotziak azaldu duenez, gaur egun “zaila” da Emakumeen Txokorik gabeko Azpeitia irudikatzea. “Urtez urte egonkortzen joan da, eta erabiltzaile kopuruak ere gora egin du. Beraz, esan dezakegu oso pozik gaudela izaten ari den bilakaerarekin”. Lan ildoak zabaltzen ere joan da, besteak beste, LGTBIQ+ politikak sustatuz eta indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeentzako babesgune eta espazio seguru gisa jardunez.

“Urteurren honi lotuta, burura etortzen zaidan beste ezaugarrietako bat elkarlana da”, gehitu du Sarasuak. Emakumeen Txokoan antolatzen dira hainbat talde eta mugimendu feminista, hala nola Azpeitiko Sare Feminista eta Astindu Armayuek taldea. Era berean, herriko beste hainbat eragilerekin ere aritu izan da elkarlanean (Baigera, Bertan, Elkar-ekin, Kulturaz…). Hain zuzen, urteurreneko ekitaldiak ere elkarlanean antolatu dituzte, horretarako sortu den asanbladari esker.

Novoak eta Airak eman dituzte horiei buruzko xehetasunak:

  • Irailak 28: Ate irekiak.
  • Urriak 15: Laura esaten zioten liburuaren irakurketa eta solasaldi irekia, eta Miren Odriozola bekaren aurkezpena.
  • Azaroak 18: Mugimendu feministaren genealogia Azpeitian.
  • Urtarrilak 30: Emakume Etxeen esperientzien topagunea eta etorkizunari begirako kafe lan-saioa.
  • Martxoak 5: Txokoko azoka eta elkar ezagutzeko ekintzak plazan.
  • Martxoak 6: 15. urteurreneko muralaren margoketa, Martxoaren 8ko egitarauaren barruan.
  • Maiatzak 29: Urteurreneko festa, ekintzak, bazkaria eta kontzertuak izango dituena, Kulturazekin elkarlanean.

Amaitzeko, Emakumeen Txokoak etenik gabeko bilakeara izan duela nabarmendu dute teknikariek. "Ez da 2011n ireki eta gaur egun bere horretan dagoen espazio bat, baizik eta herriko emakumeen eta mugimendu feministaren behar eta proposamenekin batera eraikitzen eta aldatzen joan den gunea. Eta hemendik aurrera ere, bide horretatik lanean jarraituko dugu".

Ane Iturrizak eta Silvia Izquierdok elkarlanean sortu dute urteurreneko irudia.