Machine translation

Etxekolan, zaintza eta etxeko lanetan aritzen diren langileei eta langile horiek kontratatu nahi dituztenei bideratutako udal zerbitzu berria

2026/10/22
Orain arte eskaintzen ziren zerbitzuei aholkularitza juridikoa gehituko die udalak, lan eskubideei, kontratuei eta lan baldintzei buruzko aholkularitza espezializatua emateko.
Etxekolan, zaintza eta etxeko lanetan aritzen diren langileei eta langile horiek kontratatu nahi dituztenei bideratutako udal zerbitzu berria

Azpeitiko Udalak, Iraurgi Berritzenekin elkarlanean eta SOS Arrazakeriaren laguntzarekin, Etxekolan izeneko zerbitzu berria sortu du. Zerbitzuaren bidez, zaintza lanetan eta etxeko lanetan aritzen diren langileei nahiz lan horietarako langileak kontratatu nahi dituztenei arreta integralagoa eskaini nahi die.

Gaur egun, Iraurgi Berritzen garapen agentziaren bidez, gainerako sektoreetan aritzen diren langileek bezalaxe, lan orientaziorako zerbitzua erabiltzeko aukera dute zaintza eta etxeko lanetan aritzen diren langileek; lan poltsa bat ere badauka Iraurgi Berritzenek (www.urolanprest.eus), eta haren bidez kudeatzen dira etxeko eta zaintza lanei lotutako lan eskaintzak. 

Etxekolan zerbitzuaren bidez, lan orientazioa eta lan poltsa mantendu egingo dira. Are gehiago, ikusita bi zerbitzu horiek zeinen baliagarriak diren, oraindik eta gehiago ezagutarazteko ahalegina egingo da.

Etxekolan zerbitzuaren berrikuntza nagusia, ordea, aholkularitza juridikoa da. Sos Arrazakeriak eskainiko du, bi astean behin, asteazken arratsaldetan, 16:00etatik 19:00etara bitartean, Emakumeen Txokoan. Lan eskubideen, kontratuen eta lan baldintzen inguruko aholkularitza emango du.

Horiek horrela, Etxekolan zerbitzuak honako baliabide hauek eskainiko ditu:

  • Lan-orientazioa, lana bilatzeko eta laneratze prozesuan laguntzeko.
  • Lan-poltsa, zaintza eta etxeko lanetan aritzen diren langileen eta lan-eskaintzen arteko harremana errazteko.
  • Familiekin harremana, zaintza-beharren eta lan-eskaintzen arteko lotura hobetzeko.
  • Lan-eskubideen eta kontratuen inguruko aholkularitza juridiko espezializatua, lan-baldintzei, kontratuei eta langileen eskubideei buruzko zalantzak argitzeko.
  • Langileen beharrizanei erantzuteko arreta koordinatua, herrian dauden baliabideak modu osagarrian baliatuz. Aurrera begira, zaintzan aritzen diren langileen talde bat sortzeko asmoa ere badago, ahalduntze indibidual eta kolektiboa sustatzeko.

Nola hartu hitzordua?

Aholkularitza juridikoan hitzordua hartzeko, herritarrek Emakumeen Txokora deitu beharko dute. Era berean, Iraurgi Berritzenekin edo Gizarte Zerbitzuekin harremanetan dauden herritarrek zerbitzuaren hitzordua zuzenean eskatu ahal izango dute erakunde horien bitartez. Azaroaren 4an hasiko da martxan aholkularitza juridikoa, eta dagoeneko har daitezke hitzorduak.

Emakumeen txokoko kontaktua: emakumetxokoa@azpeitia.eus / 688 75 10 00

Iraurgi Berritzenek ematen duen lan orientazioari eta lan poltsari buruzko aholkularitza jasotzeko, berriz, 688759590 zenbakira deitu behar da. Plaza Txikian du egoitza, Udaltzaingoaren goiko solairuan (Sindikatu Zaharra).

Zaintzen dutenak ere zaintzeko konpromisoa

Etxekolan izeneko zerbitzu hau abian jartzeko lanketa zaintzaileen talde batek 2025eko martxoan udalari egindako eskaera batetik abiatu zen. Prozesu horretan, zaintza lanetan ari diren emakumeen eta zaintza behar duten familien arteko harreman zuzena sustatzeko beharra nabarmendu zuten zaintzaileek, baita lan baldintza duinak eta langileen eskubideen babesa indartzeko beharra ere.

Azpeitiko Udalak zaintza lanetan ari diren herritarren lana aitortu eta haien eskubideak babesteko urratsak egiten jarraitu nahi du. Izan ere, zaintza ezinbesteko lana da pertsonen eta familien eguneroko bizitzan, eta zaintza sistema hobetzeko beharrezkoa da zaintzen duten pertsonen beharrak ere kontuan hartzea.

Zerbitzu berri honen bidez, zaintza eta etxeko langileei zein zaintza behar duten familiei laguntza hurbilagoa, espezializatuagoa eta koordinatuagoa eskaintzea da udalaren helburua.