2027ko zerga ordenantzei hasierako onarpena eman die udalak
2026/10/16
Ezohiko udalbatzarra egin zuten atzo udal ordezkariek, 2027ko ordenantza fiskalak lantzeko. Zergak, tasak eta prezioa publikoak %2,5 igotzea adostu zuten. Zaborraren tasa izango da salbuspena. Europako Batasunak 2025ean ezarritako zuzentarau baten arabera, zabor bilketaren kostuak ezin du defizitarioa izan; ondorioz, %7,2 igoko da tasa hori 2027an, urtean 12 euro.
Joanes Amenabar zinegotziak eman zituen proposatutako datuen azalpenak. Haren hitzetan, KPIaren datuak kontuan izan dituzte zenbakiak egiteko orduan, baina igoera txikiagoa proposatu dute, “herritarren ahalegin ekonomikoak neurrizkoa eta bidezkoa izan behar duelako eta udalaren egoera ekonomikoak igoera txikiagoa egitea ahalbideratzen digulako”. Iraileko KPIa %4,3 izan zen Gipuzkoan eta %5 EAEn.
Zenbait Ogasun batzordetan landu dituzte datorren urterako ordenantza fiskalak. Amenabarrek azaldu duenez, lanketa horretan bi alderdi izan dituzte kontuan. Alde batetik, zuhurtzia: “Gure helburua eta betebeharra da herritarrei ahalik eta kalitate handieneko zerbitzuak eskaintzea; horretarako, beharrezkoa da udalaren sarrerak eta gastuak proportzio berean joatea”. Bestetik, zergen aplikazio progresiboa. “Progresibitatea bermatzeko, diru sarreren arabera aplikatzen diren hainbat hobari ditugu. Orain arte dauden hobariak bere horretan mantenduko ditugu, baina diru sarreren zenbatekoak eguneratuta”.
Hobari eta tasa berriak
Ordenantza fiskaletan zenbait aldaketa ere sartu dituzte 2027rako. Ondasun Higiezinen Zergan, familia ugarientzako hobariak guraso bakarreko familiei eta genero indarkeriaren biktima diren familiei ere aplikatuko zaizkie. Etxebizitza turistikoek, berriz, ez dute etxebizitza arrunten hondakinen tasa bera izango: jarduera komertzial edo ekonomiko bati dagokion tasa ezarriko zaie.
Landa eremuko jardueren baimen tasei dagokienez, tasa espezifiko bat ezarri dute, bestelako industria jarduerei aplikatzen zaiena erabili beharrean. Zezen plazaren erabilerarako ere tasa batzuk zehaztu dituzte, azpiegitura horrek sortzen dituen gastuei aurre egiten laguntzeko.
Etxe turistikoei, tasa maximoa
Gai zerrendan, bigarren puntu bat ere izan zuten udal ordezkariek: egonaldi turistikoen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala. Ekainean argitaratutako 3/2026 Foru Arauaren arabera, udalei dagokie udalerriko establezimendu turistikoen tasa turistikoa zehaztea, betiere aldundiak berak proposatutako tarte batzuen barruan. Hain zuzen, diru tarte horiek aldatu egiten dira establezimendu motaren arabera (hotelaren izar kopurua, nekazaritza turismoko jarduerak, aterpetxeak...). “Arauak zehazten dituen tarteen barruan, gutxiengo balioak ezarriko ditugu establezimendu guztientzako, etxebizitza turistikoentzat izan ezik. Gizartean daukagun arazo larrienetako bat da etxebizitzarena, eta hori horrela izanda, egokia iruditzen zaigu turistentzat bideratutako etxebizitzei tasa maximoa ezartzea”, esan zuen Amenabarrek. 6,5 eurokoa izango da etxe turistikoen tasa pertsonako eta eguneko, sei eguneko mugarekin.
Udal ordezkarien adostasuna
EH Bilduko nahiz EAJko zinegotziek alde bozkatu zuten bai ordenantza fiskalen puntuan, bai tasa turistikoaren puntuan, baina EAJko zinegotzi baten abstentzioarekin. “Etxebizitza turistikoen arloan interes pertsonalak ditudala irakur daitekeelako” hartu zuela erabaki hori arrazoitu zuen.
