Ostalaritza establezimendu berriak irekitzeko aukera zabalduko du ostalaritzako udal ordenantzaren aldaketak
2026/11/20
Azken urteotan herriko ostalaritza establezimenduen egoera aldatu egin da: zenbait establezimendu itxi egin dira eta beste batzuk ireki. Bilakaera horren aurrean, udalak beharrezko ikusi du ostalaritzan eta aisialdi jardueretan arituko diren establezimenduak jartzea arautzen duen udal agintaraua aldatzea. Jarduera horien banaketa eta irekiera baldintzak hobeto arautzea da helburua.
Azaroaren 3an egindako udalbatzarrean eman zioten hasierako onarpena ordenantza aldatzeari, aho batez. Zehazki, 11. artikulua aldatuko da, hau da, tarteak eta behar bereziko eremuak arautzen dituen artikulua. Proposamena jendaurrean dago, herritarrek ekarpenak egiteko aukera izan dezaten. Abenduaren 28ra arte egongo da horretarako aukera.
Besteak beste, orain arte saturatutako eremutzat hartzen ziren eremuak aurrerantzean betebehar bereziko eremutzat hartzea jasotzen du aldaketak. Horietan lizentzia berriak emateko aukera zabalduko da, betiere muga batzuk errespetatzen badira. Besteak beste, eremu bakoitzean gehienez zenbat ostalaritza establezimendu egon ahal izango diren jasotzen du udal ordenantzak. Horrez gain, artikulu berean zehazten den establezimenduen arteko gutxieneko distantziaren betebeharra ere egokitu egin da. Lehen bezala, 25 metroko tartea errespetatu beharko da, baina 3. eta 4. taldeetako establezimenduen artean soilik.
Kontsultatu hemen ostalaritzan eta aisialdiko jardueretan arituko diren establezimenduak jartzea arautuko duen udal agintaraua.
