Machine translation

Beka berri bat, Miren Odriozolari aitortza egin eta emakumeen eta LGTBIQ+ kolektiboaren istorioei ahotsa emateko

2026/10/16
Azpeitiko emakumeen eta LGTBIQ+ pertsonen bizipenak eta ekarpenak literaturaren bidez ezagutaraztea izango du xede Miren Odriozola beka berriak. Udalak 15.000 euroko dirulaguntza emango dio proiektu irabazleari, eta izen hori aukeratu du Odriozolak urteetan egindako ibilbidea eta borroka kolektiboetan izandako parte-hartzea aitortzeko.
Beka berri bat, Miren Odriozolari aitortza egin eta emakumeen eta LGTBIQ+ kolektiboaren istorioei ahotsa emateko

Azpeitiko Sanagustin kulturgunean aurkeztu zuen udalak, atzo, osteguna, Miren Odriozola beka, Miren Odriozola bera bertan zela. Aurkezpenak omenaldi kutsua ere izan zuen, lagunek, senideek eta hainbat eragiletako kideek Odriozolaren ibilbidea gogoratzeko aukera izan baitzuten.

Nagore Alkorta alkateak hartu zuen hitza ekitaldiaren hasieran, eta Odriozolaren ibilbidea eta urteetan hark egindako lana goraipatu zituen, haren konpromisoa eta herriko nahiz nazioarteko bizitza sozialean zein politikoan egindako ekarpena nabarmenduz. “Beka formatuan datorren omenaldi txiki-txiki hau, merezita duzu”, esan zuen.

Bekaren helburua Azpeitiko emakumeen eta LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen bizipenak eta ekarpenak bildu eta ezagutaraztea da, herriko memoria historikoa osatzeko. Alkortak azpimarratu zuenez, “herri baten memoria osatzeko ezinbestekoa da bizipen horiek bildu, landu eta kontatzea”. Horrez gain, literatur sorkuntza sustatu eta orain arte itzalpean geratu diren istorioak belaunaldi berriei transmititu nahi dizkie udalak bekaren bidez.

Isildutako esperientziak argitara ateratzea eta herriko historiaren ikuspegi zabalagoa eraikitzea dira beka berriaren helburu nagusietako bi

Miren Arrieta Politika feminista eta LGTBIQ+ Saileko zinegotziak ere nabarmendu zuen emakumeek eta LGTBIQ+ kolektiboko kideek egindako ekarpen ugari historiaren kontakizunetatik kanpo geratu direla. Horren aurrean, isildutako esperientziak argitara ateratzea eta herriko historiaren ikuspegi zabalagoa eraikitzea dira beka berriaren helburu nagusietako bi.

Arrietak gogora ekarri zuen Leire Ibargurenek idatzitako Laura esaten zioten liburuak Miren Odriozolaren bizipenak ezagutzeko aukera eman zuela, eta lan horrek erakutsi zuela herrian bertan badirela erreferente izateko moduko ibilbideak. 

Odriozola, eskertuta

Euskararen eta kulturaren aldeko lanean hasi zen gaztetatik Odriozola, eta ondoren hainbat mugimendu eta aldarrikapenetan parte hartu du, besteak beste, langileen, pentsiodunen, nazio askapenaren eta feminismoaren esparruetan.

Odriozolaren gertukoek eta urteetan bidelagun izan dituen pertsonek haren ibilbidea gogoratzeko bideo bat prestatu zuten ekitaldirako. Odriozola hunkitu egin zen jasotako aitortzarekin, eta eskerrak eman zizkien beka sortzea ahalbidetu dutenei.

Halaber, azpimarratu zuen aitortza ez dela berarena bakarrik, urte luzez Azpeitian berdintasunaren eta feminismoaren alde lanean aritu diren emakume eta kolektibo guztiena ere badela. Emakumeen Mahaia, Emakumeen Txokoa, talde feministak eta LGTBIQ+ kolektiboa izan zituen gogoan, besteak beste. Etorkizunean ere borroka horiei eusteko beharra nabarmendu zuen.

15.000 euroko beka, literatur proiektu bat garatzeko

Beka irabazten duenak 15.000 euro jasoko ditu. Aurkeztutako proiektuek hainbat formatu izan ditzakete, hala nola eleberria, kazetaritza-kronika, komikia, gidoia edo ipuina. Udalak, gainera, aukeratutako lanaren 500 ale argitaratzeko konpromisoa hartu du.

Deialdiaren oinarriak datozen bi asteetan argitaratzea GAOn aurreikusten da. Ondoren, interesdunek 30 eguneko epea izango dute eskaerak aurkezteko, bakarka zein taldean. Dokumentazioaren artean egongo dira curriculum vitaea, 10 eta 20 orrialde arteko proiektu-proposamena, gehienez hamar orrialdeko literatur lanaren lagina eta C1 mailako euskararen ziurtagiria.

Aukeratutako lanaren 500 ale argitaratzeko konpromisoa hartu du udalak

Gehienez 100 puntu eskuratu ahal izango dira ebaluazioan: 60 puntu literatur lanaren laginak lortuko ditu, 30 proiektu-proposamenak eta hamar curriculumak. Epaimahaia literaturako bi adituk, mugimendu sozialetako ordezkari batek eta udaleko bi ordezkarik osatuko dute.

Ekitaldia amaitzeko, Leire Ibargurenek Miren Odriozolari buruz idatzitako Laura esaten zioten liburuaren inguruko solasaldia egin zuten.