Azaroaren 25eko udal adierazpena
2026/11/25
Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da gure gizartean, bi emakumetik batek indarkeria matxista pairatu du bere bizitzan zehar, eta gazteen artean, sareetako indarkeria kasuek etengabe egiten dute gora. Hau sistema patriarkal sendo baten ondorioa da. Azpeitian ere badugu horren adibidea: azken egunetan herrikide batek Benidormen jasandako erasoaren berri izan dugu. Bestalde, 2025ean, 43 emakume identifikatu ziren herrian indarkeria matxistari aurre egiten. Gehienak genero-indarkeriaren biktimak ziren, 31 eta 40 urte bitartekoak.
Horregatik, azaroak 25 honetan, errealitate horren aurrean gure zeregina zein den galdetzeko deia egiten dugu, gaitzespenetik harago begiratzekoa. Non gaude emakume batek laguntza behar duenean? Non gaude iraintzen, kontrolatzen edo gutxiesten dituzten portaerak ikusten ditugunean? Non gaude isiltasunak, axolagabekeriak edo normalizazioak desberdintasuna eta indarkeria iraunarazten laguntzen dutenean? Non gaude gure sare sozialen bidez irudi edo mezu misoginoak iristen zaizkigunean?
Emakumeen aurkako indarkeriak giza eskubideen urraketa izaten jarraitzen du, eta gizarte osoari eragiten dio. Hori desagerrarazteko, erakundeek, gizarte-erakundeek eta gure komunitatea osatzen dugun kide bakoitzak ere konpromisoa hartu behar dugu.
Indarkeria matxistaren aurrean ez dago neutraltasun egoera posiblerik; ez begiratzeak, ez erreakzionatzeak edo isilik geratzeak ere baditu ondorioak. Horregatik, herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu aurrera pauso bat ematera: entzun, lagundu eta sostengatzera; interesa agertzera; emakumeen aurkako edozein indarkeria-mota prebenitzeko eta eragozteko jardutera.
Gizarte-eredua aldatu behar dugu indarkeria matxistaren adierazpen guztiak ikusarazteko, kausak aztertzeko eta horiek prebenitzeko eta ezabatzeko ekintza zehatz eta eraginkorrak abian jartzeko, baita gure egunerokoan horiek justifikatzen edo babesten dituzten erakundeak eta egiturak identifikatzeko ere. Erasoak salatzeaz gain, mundu justuago bat, bizigarriago bat, askea eraikitzeko lanean jarraitu behar dugu. Honetan Mugimendu Feminista dugu eredu.
Horrekin batera, indarkeria matxistaren aurrean arreta integralerako baliabide eta egiturak martxan jartzea ezinbestekoa da, erasoa jasan duen pertsonaren babesa eta erreparazioa zentroan jarriko dituztenak. Bide horretan lanean dihardu Azpeitiko Udalak indarria matxistari aurre egiten diotenentzako Iparrizar zerbitzuarekin.
Oso argi dugu indarkeria matxistari aurre egin ahal izateko ezinbestekoa dela berdintasun-politikei beharrezko giza baliabide eta baliabide tekniko eta ekonomikoak ematea, eta ildo horretan, uste dugu ikuspegi feministarekin lan egin behar dugula, egunero eta eremu guztietan. Prebentzioan, babesean, erreparazioan aurrera pausuak emanez.
Udalak, herritarrengandik hurbilen gauden erakundeak izanik, gure udalerriko auzokide guztien konpromiso partekatua sustatu nahi du, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren edozein adierazpenen aurrean jarduteko. Herritarrak gonbidatzen ditugu jarrera bat hartzera eta konponbidean parte izatera, erantzukizun pertsonaletik eta kolektibotik abiatuta. Horrela bakarrik aurrera egin ahal izango dugu gizarte bidezkoago, berdinzaleago eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko baterantz.
Eta horretarako, konpromiso hauek hartzen ditugu:
- Indarkeria matxistaren forma guztien aurrean herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko kanpainak garatzea.
- Indarkeria matxistako egoeren aurrean, erantzun publikorako eta herritarren mobilizazioetarako dispositiboak artikulatzea.
- Indarkeria matxistako kasuen aurrean, herritarrek egiten dituzten salaketak eta alertak bideratzea, eta egoera bakoitzean erantzun egokiak aktibatzea.
- Haur eta nerabeei zuzendutako hezkidetza-programak garatzea, berdintasunean hezten eta indarkeria matxista prebenitzen laguntzeko.
- Herritarren sareak aktibatzea, indarkeria matxistari aurre egiteko/antzemateko, biktimei laguntzeko, eta, bereziki, mutilak eta gizonak mobilizatzeko.
- Indarkeria matxista jasan duten pertsonentzako harrera eta arreta baliabide integralak lantzeko: baliabide hauen errebisioa, hobetzea eta zabaltzearen bidez.
- Berdintasun politiken baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak egonkortzeko eta indartzeko.
- Mugimendu feministarekin eta emakumeen mugimenduekin egin beharreko lankidetza sustatzeko.
Azkenik, dei egiten diegu herritarrei Azpeitiko Feministen Sareak azaroaren 25erako, 18:30ean, plazan deitu duen mobilizazioan parte hartzera.
