Machine translation

Abenduaren 14ra arte aurkeztu ahal izango dira  Miren Odriozola bekarako proposamenak

2026/10/30
Bekaren bidez, herriko emakumeen eta LGTBIQ+ pertsonen memoria historikoa ikertu, dokumentatu eta zabaltzeko proiektu artistiko-literario bat sustatu nahi da. 15.000 euroko laguntza izango du onuradunak.
Abenduaren 14ra arte aurkeztu ahal izango dira  Miren Odriozola bekarako proposamenak

Gaur argitaratu dituzte Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean Miren Odriozola literatur bekaren oinarriak. Astelehenean hasiko da eskaerak aurkezteko epea, eta abenduaren 14a izango da azken eguna. Bekaren helburua da Azpeitiko emakumeen eta LGTBIQ+ pertsonen memoria historikoa ikertu, dokumentatu eta zabaltzea, baita haien eskubideen alde lan egin duten kolektiboen ekarpenak jasotzea ere. Horretarako, proiektu artistiko-literario bat garatu beharko du hautatutako pertsonak edo taldeak.

Zer aurkeztu behar da?

Adin nagusiko pertsona fisikoek edo nortasun juridikorik gabeko pertsona taldeek aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak. Proiektua eta azken emaitza euskaraz egin beharko dira, eta hizkuntza zein irudi ez-sexistak erabili beharko dituzte hautagaiek. Euskarako C1 maila ere egiaztatu beharko dute.

Eskabidearekin batera, curriculum vitaea, 10-20 orrialdeko proiektu proposamena eta gehienez hamar orrialdeko literatur lan baten lagina aurkeztu beharko dira. Proiektu proposamenak anonimoa izan beharko du, eta ezingo du egilearen izen-abizenik edo hura identifikatzeko daturik jaso. Eskaerak Azpeitiko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez edo aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira.

Laginak izango du pisurik handiena

Jasotako proposamenek 100 puntu arteko balorazioa jasoko dute: literatur lanaren laginak 60 puntu izango ditu; proiektu-proposamenak, 30; eta curriculumak, hamar. Laginaren kalitatea, idazkera, originaltasuna, pertsonaien eta kontakizunaren eraikuntza eta ikuspegi feminista eta inklusiboa hartuko dituzte kontuan, besteak beste.

Epaimahaia honako hauek osatuko dute: Oihana Arana eta Kattalin Miner literaturako adituek; Miren Arrieta eta Edurne Emparan zinegotziek; eta Alaitz Olaizola mugimendu feministako eta LGTBIQ+ mugimenduko ordezkariak.

Beka jasotzen duenak urtebeteko epea izango du proiektua garatzeko, eta 15.000 euroko laguntza izango du. Lana amaitutakoan, emaitzak jendaurrean aurkeztu beharko ditu, eta udalak lehen edizioko 500 ale inprimatuko ditu. Obraren jabetza egilearena izango da.

KONTSULTATU OINARRIAK