Itzulpen automatikoa / Machine translation

  • Festak

Aho zapore ona utzi duten saninazioak

2025/08/04
Festak amaitu berritan, desmuntantze eta txukunketa lanak tokatzen dira orain, herria berriz ere normaltasunera itzultzeko. Gustura geratu da udala aurtengo saninazioek eman dutenarekin, batik bat, egitarauko ekitaldietan parte hartze handia izan delako eta kalean ere giro ona izan delako nagusi.
Aho zapore ona utzi duten saninazioak

Mikel Odriozola Festa batzordeburuaren esanetan, txupinazoaren unea bera izan da aurtengo jaietako momenturik hunkigarrienetako bat. “Balkoira atera zenean, txaloz hartu zuten herritarrek Kepa Susperregi, eta une polita izan zen. Bertsotan ere ausartu zen, eta hasiera berezia izan zuten saninazioek”.

 

Oro har, jende asko erakarri dute egitarauko ekitaldi guztiek, baina kontzertuek izan duten arrakasta azpimarratu du. “Iaz bezala, aurten ere itxura zoragarria izan du plazak hiru egunetan. Jende mordoa elkartu da kontzertuetan, adin guztietako jendea gainera”. 

 

Gainerako guneetan jo duten taldeek eta kaleko musikak jarri duten giroari ere eman dio balioa. “Txistulariek, bandak, txarangek, erromeria taldeek eta abar sekulako lana egin dute. Musika ezinbesteko osagaia da edozein festatan, eta saninazioetan protagonista handia izaten du goizetik gauera arte”.

 

Odriozolak azaldu duenez, ekitaldi batzuk urterokoak izaten dira, eta gorabehera handirik ezean, ondo funtzionatu ohi dute. Hala ere, udalak urtero egiten du gauza berriak programatzeko ahalegina. “Aurten, beste berrikuntza batzuen artean, zesta punta partidak izan dira saninazioetan, eta ikusmina eragin dute. Jendea gustura atera zen Izarraitz pilotalekutik”.

 

Esker oneko hitzak

 

Uztailaren 18tik abuztuaren 2ra bitartean, ekitaldi ugari izan da herrian. “Askotan esaten dugu, baina jaien aurkezpeneko argazkian argi ikusten zen bezala, elkarlanean antolatzen dira saninazioak, eta bene-benetan eskertzekoa da hainbeste eta hainbeste eragilek egiten duten ahalegina”.



 

Era berean, festa egunetan lan egiten duten guztien esfortzua eskertu du zinegotziak: “Festen alde zatarretako bat sortzen den zikinkeria da, baina goizean goizetik lan handia egiten dute kale garbitzaileek eta eraikin garbitzaileek dena berriz ere txukun-txukun uzteko. Udal brigadarentzat ere lan askoko egunak izaten dira, bai festa egunak beraiek, bai festen aurreko eta ondorengo egunak ere, muntatze eta desmuntatze lanengatik. Horregatik, horien, udaltzainen eta gainerako udal langile guztien lana ere eskertu nahiko nuke”.

 

Lanean jarraitzeko premia



Iaz hasitako kanpainari jarraituz, festa eredu parekide eta gozagarrien aldeko Danok ala iñorrez, danona da festie danona da ardurie sentsibilizazio kanpaina izan du martxan udalak saninazioetan. Kartelak jartzeaz gain, spot bat ere egin du, eta tabernariei ere bidali die gutun bat kanpainaren berri emanez eta udalak indarrean dituen protokoloak jakinaraziz. “Indarkia matxistarik gabeko gunearen egutegia eta ordutegia aldatu egin ditugu aurten, eta harrera oso ona izan du guneak. Jende asko joan da Plaza Txikira informazio, sentsibilizazio eta arreta bila, eta pegatina eta esku orrien bila”, adierazi du Miren Arrieta Parekidetasun zinegotziak.

 

Hala ere, gaian sakontzeko premia azpimarratu du. “Espazio publikoa eta herriko jai guneak oraindik ere ez dira espazio seguruak askorentzat, eta gertatzen dira jokabide matxista eta LGTBIfobikoak. Horregatik, ukituak, begiradak, jarraipenak eta indarkeria zantzurik txikiena desagerrarazi arte, jai parekideen alde lanean segitzea dagokigu”.